Durangaldeko txistulariak eskualdeko herri batean elkartzen dira urtero Txistulari Eguna ospatzeko, ordena konkretu bat jarraitu ohi dute eta Mallabian tokatzen da aurten, martxoaren 17an.
Eleder Iturrietaren zuzendaritzapean jardungo dute eta goizean goizetik hasiko dira, 9:30etan, kalejiran herriko kale eta inguruetan. Kontzertua 12etan izango da, 11etako mezaren ostean, eta Mallabiko abesbatzen eta dantzarien parte hartzea izango dute. 35 txistulari izango dira, baina dantzari eta gainontzeko musikariekin batera 70 lagun inguru izango dira. Ekitaldiaren ostean, bazkaria egingo dute guztiek batera, frontoian.
Txistulariak iazko Txistulari Egunean, Otxandion.
2009ko Txistulari Eguna
54. edizioa izan zen Mallabian egindako azkena, 2009ko martxoaren 15ean. Jarraian, Durangaldeko txistulariek —Jasokunde eta Mendibil abesbatzak eta musika banda lagun— eskainitako kontzertuaren mostratxoa, Ituringo arotza interpretatzen.