Durangarrak geldiezin zapatuko frontenis txapelketan

Ander Gomez 2024ko mar. 18a, 11:30

Mallabiko Frontenis Mixtoaren edizio berria egin zen herenegun, martxoaren 16an, frontoian. AD Mallabia FT taldeak antolatuta, bertako zein estatuko lagunak gonbidatu zituzten txapelketara. Bi fase jokatu ziren: Orokorra eta Eskualdekoa (Debabarrena, Debagoiena, Durangaldea eta Artibaiko bikoteekin).

Pasa den zapatuan, ezusteko garaipena lortu zuen Leire Dueñas eta Endika Romero bikote durangarrak Mallabiko Frontenis Txapelketa Mixtoan. Eskualdeko finala irabazi zuten Itsaso Pradera eta Andoni Aldape mallabitarren kontra eta, ostean, Fase Orokorra jokatu zuten.

Finalerdian Errioxatik etorritako Lorena Barrón eta Diego Romero garaitu eta finalera pasa ziren 16-15eko emaitzarekin. Azken partiduan, Jony Serna burgostarra eta Inge San Cristobal bilbotarra izan zituzten aurkari eta garaipena lortu zuten berriz ere, 14-13 markagailuan.

Sari banaketa

Leire Dueñas eta Endika Romerok garaikurra eta 100 euro jaso zituzten Eskualdeko Fasean; eta beste 400 euro eta txapela eraman zituzten Durangora, Fase Orokorra ere irabaztearren. Sernak eta San Cristobalek bigarren postuko trofeoa eta 250 euroak jaso zituzten; eta hirugarreneko garaikurra eta 150 euroak Laia Sarasibar eta Julen Insausti nafarrek.