1937ko martxuen 31n, Espainiako Gerra Zibila bete-betien zala, italiar abioiek Durango bonbardiau eben bando nazionaleko militar buruen aginduz. 336 pertsona hil ziren erasuen ondorixoz, tartien Bixente Larrinaga Guenetxea mallabittarra. Libe alabiakin egoteko aukerie izan dogu Gernikako honen etxien.
Birrindutako Santa Maria parrokiako portikoa.
38 urte zittun Bixentek eta Agustina Solozabal Unamunzagakin ezkondute euen, hau be geriarra. Bost urteko alaba bat euken bikotiek, Begoña, eta urte eta erdiko beste bat, Libe. Zorigaiztoko egun horretan goizien-goiz urten eban Saihetzaneko bere baserrittik.
Aitte Durangoko bonbardiuen hil jatsun…
Nik ez dot esaten hil zanik, ze ez zan berez hil, bonbak erahil eben. Martixan 31an Durangoko bonbardiuen erahille izan zan, asesinaute, italiarrak Frankoren aginduz Durango bonbatu ebenien. Gure ama bi neskato txikirekin eta baserriko biher danen kargu geratu zan.
Zer dala-eta jun zan bertara?
Biherreko gauzak eittera. Hirurak Bat zan bera ebillen enpresian izena eta Izubittetik urran, Bolintxun, argi-indarran zentrala eken. Handik Garaire, mendiz mendi eta landarik landa, argi-linea bat joien, alanbre modukuek postietan lotute, eta aittan ogibidie zan haretxen mantenimenduaz arduratzie. Hillan amaierie zan; biherreko kontuek eruten jun Durangora eta bertan atrapau eban bonbardiuek.
Gorpurik ekarri otsuen?
Keba. Leidu dotenagaittik eruen zittuezen pilluek eta pilluek kanposanture edo dana dalakora, eta ein dabez ahaleginek topatzen, baina ez die agiri. Nun enterraute daozen ez dabe topatzen, danak pilluen sartute dagoz. Kanposantuen, izen morduaz batera, plaka baten berana be ipinitte dago, barren samarrien. Urtero Durangon eitten dan ekitaldire juten gara bere izena han jarri ebenetik.
Zelan jakin zenduen hil zala? Zeinen bittartez?
Ba hori ezin dotsut esan. Hori bai, hurrengo egunetako baten Gerien enterrue ein jakon, gorpu bakue. Usadizue zan modure, jendiek dirue emon eban abadiek aittan aldeko mezie etaratzeko eta gorrixen diruek zienez, gorrixen denporakuek, abadiek esan eban: “Ni honek diruokin ez noie mezarik emoten!”. Eta atzera bota zittun, pentsau! Senitartekuen artien batu geroko diru “balekuok”, eruen abadiorri eta orduen emon zittun mezok! Holakoik!
Laguntasunik jaso zenduen, amak gerrako alargun modure edo zuek bixok umezurtz lez?
Guk ezebez eta amak Frankoren denporan ez, gerora bai. Agrariatik, berak kotizautakotik kobratzen hasi zan eta aittana emon otsienien errebajau ein otsien. Azkenien gitxi Agrariatik, bestetik asko bez… guztire be ezebezien geratu jakon. Amari entzunde deuketenetik, motorra euken gure aittek eta haretxekin jun zan Durangora; baztarren baten itxitte-edo, bonbardiuek ez eban apurtu. Pentsakeraz nazionalistie zan, eta hil zanien frankotarrak errekisau ein oskuen motorroi, gero subastara emon eta eibartar batzuk erosi. Gure amak ez eban ez motorrik ez haren dirurik ikusi, dana kendu otsien, ez zan sekule haraz jabetu, ¡fuera!
Eta senide eta auzokuen laguntasunik euki eban?
Bai, bai, beti. Auzuen jende asko bizi zan orduen, aldra itzelak euezen baserri bakoitzien eta alkarri asko laguntzen otsien.
Zuenien berba eitterik baeuen edo isillixen gorde zien gauzak?
Gure amak gauza gitxi kontau oskun, isilik eutsi otsen beti. Barrutik beranak pasauko zittun, baina guri ez oskun txarto esaten iñongaittik, sufridu ez deigun. Martixen 31 danadala gure amak, beran azkenan artien, akorduen euki eban beti. Aitte hil eta hillebete eskasera, aittan arrebie, gizona eta alaba bat Munitibarko bonbardiuen hil zien: orduen esaten zan modure “aurrera doiezela”, gerratik eskapan, zubipe baten atrapau zittun bonba batek. Izeko-osabak eta lehengusiñak Ermuen bizi zien ordureko eta lodixe izan zan ha be.
Zergaittik uste dozu ez ebala ezer kontatzen amak?
Bildurre euelako. Aitte hilde egon arren be, etxie erregistrau ein eben gurien. Ama mutu euen, badaezpada ez eban ezer esaten, errepresalien bildurrez. Gurien eta danien euen bildurre. Guk eskolan erderaz ein biher gendun, eta ez genkixen. Espainiako banderie ipini eskolian aurrien eta hari kantatzen ume danak, “Cara al sol” eta “¡Viva España!”ka, eskue altxaute. Kantau ein biher! Ordukuek denpora gogorrak izan zien, gu umiok ez giñen konturetzen, baina nausixek bai.
Franco hil zanien, zer pentsau zendun?
Bakie ein dabela! Makiña heriotza ipiñi eban harek, baiña frankokumak hemen dagoz ondiñok. Guzurre besterik ez: bestiek diela lapurrek eta hau eta bestie…
Hildakuen gomutaz, Durangoko kanposantuen jarritte dagozan bi plaketan, bere izena ez dago idatzitte euretako baten. Zergattik?
Lehelengo izen-zerrendarako ez eukielako bere herixotzian barri. Amak ez euskun ezer esaten eta ez zan bera be iñora juen iñori esatera. Durangoko bonbaketan hildakuen artien aitte ez zala aittatzen konturau nintzanien, Gerediagakuekin kontaktau neban. Agiri batzuk aurkeztu biher izan nittun eta geruago jarritteko plakan, han bai, han idatzitte dator bere izena.
Gerediagak noztik eitten dotsue konbitie Martxoaren 31ko omenaldi eta lora-eskaintzan parte hartzeko?
Oin dala hamar bat urtetik hona, beran izena plakan jarri ebenetik. Emozionantie izeten da eta gustura juten gara.
Dokumentalak, liburuek eta testimonixo asko eta asko batu die honek urtiotan. Zuk zer sentitzen dozu horrek entzuten edo ikusten dozuzenien?
Tristezixe, hainbeste urte pasau eta gero be malkuek etortzen jataz begixetara. Niri ez doste parkaziñorik eskatu iñork ondiñok. Iñopez! Zeiñek eskatu biher daben ez dakit, baiña damurik ez da egon hemen.
Faltan bota dozu aitte?
Sarritten, ezagutu ez baneban be, eta horregaittik deuket beran erretratue kuadro baten neure ohien aurrien. Martixen 31n hil eta nik abuztuen urte bi ein nittun. Ahiztiek bost urte ekazen eta harek be ez euken bere akordurik, “Zeozer, zeozer baina gitxi…” esaten eban. Eskolara Gerire juten giñen; olgetan eitten gendunien lagunekin eta etxeko komentarixon bat eitten ebenien, “aitte” esaten eben, baina guk ezin holakorik esan, aittaik ez gendun-eta. Bixotzien arantza bat beti!
Durangoko kanposantuan, hildako guztien izenen aurrean.