BIHAR

Mendibil Abesbatza, 20 urte kantuan gozatuz

Dorleta Vidal 2024ko mai. 24a, 08:05

2004-2005 ikasturtean jaio zen Mallabiko Mendibil Abesbatza, Jasokunde Abesbatzan kantatzen zuten umeen gurasoen ekimenez. Bihar, maiatzaren 25ean, 20. urteurrena ospatuko dute eta horretarako kontzertu berezia prestatzen ari dira, herritar guztiei zabalik egongo dena.

Argazkiak: Mendibil Abesbatza.

Iratxe Uribelarreak 20 urte daramatza Mendibil Abesbatzan zuzendari, hau da, abesbatza sortu zenetik. Izan ere, bere ama izan zen haren sustatzailerik handienetakoa: "Gure seme-alabek Jasokunde Abesbatzan kantatzen zuten -—gogoratu dute egungo kideek-—, eta astebururo leku batetik bestera eramaten genituen kantatzeko. Mari Carmen Solozabal, Iratxeren ama, oso saltsera zen, eta gurasook koro bat sortzea proposatu zuen. Eta hala egin genuen". Ordutik Iratxe izan da Mendibileko "motorra", onartu dute taldekideek.

Hasieratik, koro mistoa osatu zuten, lau ahotsekin: emakume soprano eta kontraltoak, eta gizonezko tenoreak eta baxuak, baina emakumeak beti izan dira ugariagoak. "Ez genekien solfeorik baina, umeen kantuen eraginez, grina piztu zitzaigun, eta abesten hasi ginen. Gure helburua bakoitzak bere ahotsari ondo zetorkiona abestea zen, eta ondo pasatzea", esan dute. Hogei bat andrazko eta gizonezko hasi ziren horretan, eta kopuru horren bueltan aritu izan dira beti, gaur egun ere, kide batzuk joan eta berriak etorri direlako.

Eta taldetxo horrekin, urteak joan urteak etorri, solfeoko oinarrizko kontutxoak ikasten joan dira eta talde izaera sendotzen joan da, eta gaur egun euren zeregina ez da bakarrik abestea, taldean abestea baizik: "Koroak asko lantzen du talde izaera, eta ez dugu abesten nork bere kasa, baizik eta bata bestearen arrimura. Abesti berri baten aurrean, ahotsak gero eta arinago bateratzen ditugu, ikusi egiten dugu zer dagoen ondo eta zer ez, eta ekin eta ekin gauza politak irteten zaizkigu —azaldu dute—. Txalo zaparrada jasotzen dugu beti, beraz, ez dugu txarto egingo!".

Errepertorio zabala

Hogei urteotan abesti asko landu dituzte, estilo, hizkuntza eta zailtasun maila ezberdinetakoak, eta euskal kantak ugarienak izan badira ere, ez diete uko egin erronka berriei: "Gaztelaniaz, galegoz eta katalanez gain, ingelesez, frantsesez edota swahiliz abestu dugu —esan dute barrez—, eta guk ez dakigu ez frantsesa, ez ingelesa ezta swahilia ere, baina ausartu izan gara". Eta abestiak aukeratzeko lan horretan zeresan handia dauka Iratxek. "Abesti bat gustatzen zaidanean, partiturak topatzen ditut, eta gero begiratzen dut ea taldearentzako egokia den eta moldagarria den. Dena den, urtero abesti pare bat aukeratzen ditut maila altutxoa dutenak, eta ahalegin berezia eginez, aurrera ateratzen dugu", azaldu du Uribelarreak.

Eta bide honetan entseatzea ezinbestekoa da, eta ordu eta erdiko entsegu "intentsoa" egiten dute astean behin: "Batzuetan izerditan bukatzen dugu!". Horrez gain, zuzendariak etxeko lanak ipintzen dizkie taldekideei (entseguetan grabatutako abestiak praktikatzea), eta batzuetan agindutakoa betetzen dute eta beste batzuetan ez, onartu dute.

Ospakizun kontzertua

Urtero taldeak hainbat ekintza burutzen ditu: Santa Ageda eta Gabon batzeak, baserriz baserri egiten dituztenak; maiatza-ekaina inguruan beste emanaldi bat egiten dute, eta beste bana Gau Beltzan (urrian) eta Santa Zezilian (azaroan). Horrez gain, urtero trukeren bat egiten dute beste kororen batekin, eta bata bestearen herrira joaten dira abestera. Truke horien baitan, Zornotza eta Aramaio izango dira bisitatuko dituzten hurrengo herriak.

Dena den, 2024a urte berezia da Mendibilentzat eta, ohiko ekintzez gain, maiatzaren 25erako ospakizun-emanaldia prestatzen ari dira. Guztira 12 abesti kantatuko dituzte, besteak beste, duela hogei urte abestu zituzten lehen bi abestiak: Izar ederra eta Maritxu nora zoaz. "Garai hartako bideoak topatu nahian nabil —azaldu du Iratxek—. Badakit grabatuta ditudala eta polita izango litzateke taldearen bilakaera ikustea...". Gainera, herriko dantza taldeak ere parte hartuko du abesti batzuetan. Mendibil Abesbatza entzun nahi duenak egun horretako 19:00etan hurbildu beharko da Mallabiko frontoira.