Karmele Gisasolak bigarren finala jokatu zuen "Harri Herri" saioan

Ander Gomez 2024ko mai. 15a, 07:04

Gisasola eta Durana, proba osteko elkarrizketan.

“Harri Herri” saioko pasa den edizioan txapeldun izan zen harri-jasotzaile mallabitarra eta, herenegun jokatutako finalean, txapeldunorde gelditu zen Mollarriren kontra, Ergobia ordezkatuz. Argazkiak: eitb.eus.

Karmele Gisasola (Mallabia, 1994) Harri Herri telesaioaren parte-hartzaile izan da berriz ere, Ergobia taldearekin. Aurten laukotea izan dira (Eider Durana, Sara Jimenez, Itsasne Apraiz eta Gisasola bera), aita (Jose Antonio Gisasola Zelai) izan da taldeburu eta Iñigo Izagirrek jardun du harri-jartzaile.

Txanponak Mollarrikoei eman zien harri bakoitzaren denbora zehazteko aukera: Koadroa (100kg) 3 minutura mugatu zuten, Kubikoa (63kg) 2 minutura, Zilindroa (63kg) 2 minutura eta Bola (50kg) minutu bakarrera. Baldarrerako irabazten zuten denborari dagokionez: Koadroarekin 10 segundu irabazten zituzten jasoaldiko, Kubikoarekin 5 segundu, Zilindroarekin 3 segundu eta Bolarekin beste 3.

Kubikoarekin estu, baldarrarekin aise

Mallabitarra finaleko bigarren proban lehiatu zen: Ainitze Zumeta izan zuen aurkari eta 63 kiloko Kubikoa erronka; haren esanetan, harri guztietatik “kruzatuta” daukan bakarra. Mollarrikoak 18 jasoaldi egin zituen 2 minutuan, 90 segundu eskuratuz; Gisasolari batek ihes egin eta 85 segundu lortu zituen.

Proba guztien ostean, minutu bat eta hamar segunduko aldearekin iritsi ziren Baldarrera (Ergobia 4:49min, Mollarri 5:59min). Gisasolak ekin zion lehenengo eta, Duranarekin txandaka, hamalauna jasoaldi egitea lortu zuten. Mallabitarrak nulo bakarra egin zuen "bizkor jokatzeko premia horretan, nerbioen erruz" eta, bukaeran, hamabostgarren jasoaldia egitera zihoala, aitak gelditu zuen, denbora amaitzeko hiru segundu eskas falta ziren-eta.

  ERGOBIA MOLLARRI
Koadroa 6 8
Kubikoa 17 18
Zilindroa 12 12
Bola 16 31
Denbora 3:49 (+1:00) 4:59 (+1:00)
Baldarra 28 32

Baldarrarekin lau jasoaldi gehiago eginda, Harri Herriko aurtengo txapela lortu zuten Mollarrikoek.