Laburmetrai proiekzioa LGTBIQ+fobiaren kontrako egunean

Ander Gomez 2024ko mai. 16a, 07:08

Bihar (maiatzak 17) Homofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da eta, horren harira, laburmetrai proiekzioa antolatu dute Mallabiko Udalak eta Zinegoak Elkarteak elkarlanean. Kontzejuzarrean egingo da, 19:00etan hasita, eta sei film labur proiektatuko dira.

Jarraian proiektatuko diren filmak eta bakoitzaren sinopsiak:

MANTING

15 MIN

Shuyai Chen

Manting, 60 urteko txinatar emakume bat, nerabezaroko maitale batekin elkartu da, beren ikaskide ohi bat hil ondoren. Karaoke batean egon eta gero, elkarrekin emango dute gau guztia, hirian barrena hara eta hona.

  • Hizkuntza: Txinera.
  • Azpitituluak: Euskaraz eta gaztelaniaz.

DENA ASMATUTA DAGO

14 MIN

Jone Arriola

Antigoaldeko estetika daukan bainugela arrosa bat. Bainugelaren erdian, bainuontzi batean, bi gazte erlaxatzen ari dira, porru bat erretzen duten bitartean.

  • Hizkuntza: Euskara.
  • Azpitituluak: Gaztelaniaz.

ANALOG Z LOVE

3 MIN

Alicia Arwgar

Neska batek audio batean kontatzen du nola ezagutu zuen beste neska bat autobus-geraleku batean. Nola hasten da ezezagun bat zure arretagune nagusia izaten?

  • Hizkuntza: Ingelesa.
  • Azpitituluak: Euskaraz eta gaztelaniaz.

PRECOZ

15 MIN

Alejandro Aguirre

Mikelek jakin du berarekin sexu-harremanak izan dituen pertsona batek positibo eman duela GIB proban. Beldurtuta eta informazio gutxirekin, arratsalde batez aurre egin beharko dio kutsatuta egoteko aukerari.

  • Hizkuntza: Gaztelania.
  • Azpitituluak: Euskaraz.

FLORES DE OTRO PATIO

15 MIN

Jorge Cardena

Kolonbiako Kariben, queer aktibisten talde batek arau heteropatriarkalei aurre egingo die. Bien bitartean, beste kausa batzuetan inplikatuko dira, beren eskualdean sufritzen dituzten bidegabekeria sozialak kolektiboki salatzeko.

  • Hizkuntza: Gaztelania.
  • Azpitituluak: Euskaraz.

LA TENTATION DU PANDA ROUX

20 MIN

Haïga Jappain

Annak 35 urte ditu, eta maitasun istorio idiliko bat bizitzen ari da Marielekin. Menopausia goiztiarra daukala jakiten duenean, erlojupeko lasterketa bati ekingo dio haurdun geratzeko.

  • Hizkuntza: Frantsesa.
  • Azpitituluak: Euskaraz eta gaztelaniaz.