AUDIOA

Maribi Carrillo eguraldiaren irrati-esatari lanetan

Estibalitz González 2024ko mai. 18a, 08:02

Mallabiko egunsentiak. Argazkiak: Esti Arrizabalaga.

Euskadi Irratiko sintoniaren bitartez, goiztiarrenek aukera izaten dute Maribi Carrillo eguraldiaren gaineko aipamena egiten entzuteko eta zeregintxo horretan hiru bat urte daramatza fin-fin mallabitarrak.

Artikulu bukaeran atzo eguraldiaren inguruan esandakoak entzungai.

Okina da lanbidez eta ofizioari dagokion bezala goiz esnatzen da, oso goiz, eguna zabaltzeke. Ogia egin ostean, haren banaketa etortzen da eta baserri asko eta askotara gerturatu behar izaten du bere furgoneta gidatuz. Goizeko sei eta erdiak aldera iristen da normalean Berriz eta Elorrio arteko Miota auzora eta, ogi banaketa eginda, telefonoko grabagailua jartzen du martxan eta uneko eguraldiaren laburpen txiki bat egiten du: aterri edo euri den aipatu, haizerik dabilen, Mallabia eta Miotaren arteko tenperatura desberdintasuna, ilargia bistan edo ezkutuan den, txoriek kantuak diharduten edo isil samar diren… Minutu laburreko berbaldia izaten da berea eta WhatsApp bidez bidaltzen du Euskadi Irratiko “Argi ibili” saiora. Goizeko zazpiak baino lehen irratia pizten duten milaka entzulek, bere ahotsa entzuteko aukera izaten dute, Euskal Herriko beste txoko askoetako kolaboratzaile goiztiarrenarekin batera.

Jarraian, atzo grabatutako eta Euskadi Irratian emititutako zatitxoa: