Europako Mendietan burutzen den Travesera lasterketan parte hartu berri duzu. Zer moduz joan da?
Ondo, oso pozik nago, zortzigarren postuan geratu naizelako. Orain deskantsatzen ari naiz, 74 kilometroko lasterketa izan delako, 6.500 metroko desnibelarekin, hau da: bost bider Anbotora igotzea bezala. Horrelako proba bat egin eta gero, gorputza errekuperatu behar da.
16 ordu pasatxo eman zenituen lasterketan. Nola berreskuratzen dira indarrak horrelako esfortzu bat egin eta gero?
Lasterketaren hurrengo astean ez dut kirolik egiten, agian zerbait oso suabea, bizikleta apur bat-edo. Bestalde, lo asko egiten dut eta asko jaten dut: sekulako gosea izaten dut!
Zer dela-eta hasi zinen mendi-lasterketak egiten?
2014an nire mutilak Hiru Handiak lasterketan parte hartu zuen, eta lagunekin joan nintzen ikustera. Giroarekin liluratuta geratu nintzen, eta handik bi urtera nik eman nuen izena. Ordura arte mendi martxak egiten nituen, Artarrairekin irteera ezberdinak... baina hori izan zen inflexio-puntua.
Eta entrenatzen hasi zinen...
Beno, mendian ibiltzea gustatzen zait, eta hasieran ez nuen entrenamendu bezala hartzen, zaletasuna zen. Gero, lasterketetan parte hartzen hasi nintzenean, mendia droga bilakatu zen. Lasterketa batetik bestera salto egiten hasi nintzen, gero eta ibilbidea luzeagoak... bizio itzela neukan! Lasterketa pilo bat egiten nituen, agian gehiegi; orain lasterketa kopurua neurtzen dut eta laupabost inguru egiten ditut urtean, gorputza zaintzeko.
Zenbat egingo dituzu aurten?
Maratoi bat (40 kilometro) eta bi ultra (40 kilometrotik gora) egingo ditut.
Lortu zenuen Hiru Handiak bukatzea?
Bai, 2016an izan nintzen, eta hura izan zen nire lehen lasterketa luzea. 2018an ere parte hartu nuen, baina Landan erretiratu behar izan nintzen, eta ordutik ez naiz bueltatu.
Mutil-lagunarekin batera egin duzu inoiz korrika?
Bai, eta bikotekako lasterketetan parte hartu izan dugu ere, Riañon (León) eta Alpeetan ere. Horretarako antzeko maila izan behar dute bikoteko kide biek, eta gu oso ondo moldatu izan gara elkarrekin.
Zenbat ordu eman dituzu gehienez lasterketa batean?
Chamonixeko Mont Blanc-eko ultra trailak 100 kilometro ditu, eta 18 ordu eta erdi behar izan nituen bukatzeko.
Desnibelari dagokionez, nahiago dituzu lasterketa lauak edo desnibel handia dutenak?
Zenbat eta desnibel handiagoa, gusturago ni. Gora eta behera ibiltzea gustatzen zait, eta arroka asko badaude, hobeto. Lauagoak diren lasterketetan korrika gehiago egin behar da, eta niri ez zait asko gustatzen korrika egitea.
Nahiago duzu aldapan gora ibiltzea edo jaitsierak egitea?
Igotzea gustatzen zait, esfortzua egitea, neure buruari ahalegin hori exijitzea... baina gehiago gozatzen dut jaitsieretan: maldan behera ziztu bizian joatea gozamena da!
Beroarekin edo hotzarekin moldatzen zara hobeto?
Hotza eramangarriagoa iruditzen zait, baina uda nahiago dut. Euriarekin eta elurrarekin aritu izan naiz baita ere!
Sasoian egotea ezinbestekoa izango da. Zenbat entrenatzen duzu?
Pare bat egunetan korrika egitera joaten naiz, Hambrera edo Aixolara, eta gero gimnasiora, agian. Asteburuan, aldiz, mendira joaten saiatzen naiz egun batean gutxienez: Anbotora edo Aizkorrira, esaterako. Uda partean Piriniotara joaten naiz sarritan.
Gaur egun kirol gehiago praktikatzen dituzu?
Eskalada egiten dut eta bizikletan ibiltzen naiz batzuetan. Neguan, igerilekura edo gimnasiora joan naiteke noizean behin, baina ez da ohikoa, aire zabalean egotea gustatzen zait.
Egin duzun lasterketa bat nabarmendu beharko bazenu...
Nire ustez, politenetan politena Italiako Kima traila da. Zegama Aizkorri ere oso berezia da, baina nik Travesera nahiago dut eta aurten hirugarrenez parte hartu dut: lehenengoan erretiratu nintzen, iaz hamaseigarrena izan nintzen eta aurten zortzigarren. Panticosako Valle de Tenako traila ere oso gustukoa daukat.
Zein izan da gogorrena?
Goierriko Bi Haundiak. Agian ez da gogorrena, baina txarto pasatu nuen, ez nengoelako ondo.
Gutxien gustatu zaizuna…
Enkarterrietan egiten den Apuko Igoera. Pare bat bider egin dut, eta ez da nire gustukoa, korrika asko egin behar delako.
Beste herrialde batzuetara joan izan zara korrika egitera?
Bai, Madeiran, Frantzian eta Italian egon naiz. Batzuetan lasterketak dauden lekuetara joaten gara mutil-laguna eta biok oporretan, horrela kirola egin eta atsedena hartzeko aprobetxatzen dugu.
Zure ustez, modan dago mendian korrika egitea?
Baietz esango nuke, eta Euskal Herrian maila altua dago.
Zein da emakumeen egoera mendi lasterketen munduan?
Gizonezko gehiago dauden arren, gero eta emakume gehiagok parte hartzen dute lasterketa hauetan, eta duela hamar urteko egoerak eta egungoak ez daukate zerikusirik. Dena den, oraindik ere normaltzat jotzen da gizonezko bat mendira bakarrik joatea, baina neska bazara jendeari arraroa iruditzen zaio. Nik ez daukat arazorik mendira edozein ordutan joateko, nahiz eta negua izan, bestela ez nintzateke inoiz inora joango. Konpainia estimatzen dut, jakina, baina lasterketak bakarrik egin behar dituzu, beraz, ez dago txarto noizbehinka bakarrik entrenatzea.
Kirol garestia da?
Berez, ez. Zapatila onak izatea da garrantzitsuena, eta hori da gasturik handiena, denboraldi batean hiruzpalau pare apurtu ditzakezulako. Hortik aurrera, nahi duzun guztia gastatu dezakezu, gaur egun merkatu oso handia dagoelako, eta batzuk moda-modako arropak eta osagarriak daramatzate, baina ez da beharrezkoa.
Bizimodua atera daiteke kirol honekin?
Oso zaila da, eta gutxi bizi dira honetatik, baina gero eta kirol ezagunagoa da, eta gero eta babesle gehiago daude.
Nola ikusten duzu etorkizuna mendi-korrikalari bezala?
Gorputza ondo daukadan bitartean, kirol honetan jarraitu nahiko nuke, kirola egiteko eta leku asko ezagutzeko aukera eskaintzen didalako.
Zer esango zenioke hasi berria den pertsona bati?
Batzuk kilometro asko egin nahi dituzte hasieratik, baina arriskutsua izan daiteke. Poliki-poliki hasteko esango nioke, eta gozatzeko!