Mallalde baserrian jaio zen Nieves Berasaluce Zabala 1924ko abuztuaren 5ean. Salbanekue esaten zioten aita Bernardori, Salvador zen-eta aititaren izena, eta ama Bonifacia Torre baserriko alaba zen. Lau anai-arreba izan ziren: Pablo, Josepa, Francisca eta Nieves, gazteena; Pablo eskuzko pilotaria izango zen, Txikito Mallabia kantxan. Esaerak esaten duen modura, “Etxean ikusia, haxe ikasia” Nieves ere gaztetatik ekin zion pilotan eta etxekoen akorduz Eibarrera joaten zen entrenatzera, ikasteko gogoak bultzatuta. “Trebea zen eta ekina oso, eta ia egunero jaisten zen Eibarrera entrenatzera eskola ostean”, gogoratzen du Rosa Mari Iñurrategi lobak.
Kantxan ausarta eta bizkorra zen eta laster etorri zitzaion kanpora jokatzera joateko aukera ere. Aurreko zein atzeko posizioan, bietan aritzeko dohaina zuen arren, aurrelari lez nabarmendu zen gehien bat. Mikel Berasaluce ere izekoren modura pilotaria izan zen, berau esku-huskako modalitatekoa, eta aurrean jokatze horri balore handia ematen dio “aurrelari izeteran jokuen gehixao mobidu biher zan, ze zabala eta horma baztarreko zulue, bixek zainddu biher izaten zittun. Kantxan onenetaikue zala dakat entzunde, figura bat”, kontatzen digunez. Rosa Marik ere pilotari ona zela esaten digu. Bere jokoaren kalitatearen adierazle da 1938an Gros frontoia berriztatu osteko inaugurazio partida jokatu izana, Rosina bikote zuela eta Angelita eta Irura pilotari handiak aurkari.
Entzute handiko erronkak
17 urte zituen Sevillako prentsan bere aipamena egin zutenean, iragarriz Gol kirol-egunkariaren kopa lehiatuko ziela mallabitarrak Loli eta Mercedes pilotariei, Sierpes frontoiko pilotari-koadro berean ziharduen bikote txalotuari. Bat biren kontra. Nieves “kantxako artifize herrikoia” bezala definitzen zuen egunkariak, kantxan nahi zuena lortzeko artea zuena. Sierpesen jokatzen zegoela ere, edozein erraketistari desafioa egingo ziola iragarri zuen, edozeinekin jokatzeko prest zegoela, Espainiako erraketistarik onenarekin bada ere “honek nahi zuen bezala, murrizketa barik, 30 edo 40 tantora…”. Sasoiko Sevillako kirol-prentsak batzen duenaren arabera “Mallabiko Txikita raketarik onena da, ezker eskumako bere jotzea, bere mugikortasuna, bere…”.
Ordurako hainbat pilotaleku ezagututa dago: Bartzelona, Madril, Donostia... “Bartzelonan urtiek egin zittun, Colón frontoien; Madrilen be bai eta Sevillan gero, Sierpes frontoien. Kanarietara be pentseten dot osteraren bat egin ebala hango frontoiren batera. Madrilen Cortezo kaleko Madrid frontoien jokatzen eben. Nik be eskuz jokatu dot bertan, gabien guk eta arratsaldien raketistak. Partidu bi egoten zien eta dirue jokatzen zan, e! Bai gure partiduetarako eta baitte raketisten partiduetarako”, kontatzen digu Mikelek. Donostiako Gros pilotalekuen jokatzen zegoenean, pentsio baten beste pilotari batekin eta haren amarekin ostatua hartuta zuen. Jatorrizko herritik kanpoko frontoietara aldetzen zutenean, erraketista asko amarekin, edo ahizpa zein lehengusinaren batekin bizi ziren, kirolari gaztetxo haien akonpainamendu eta zainketa egiteaz arduratzen zirenak.
Erraketisten jardunak gaur egun duen aitortza ez zuen beti izan “ez zen beti gauza prestigiotsua legez ikusi eta euren bizimodu ezohikoak esamesa ugari sortzen zituen inguruan”, Rosa Mariren ustetan. Paulina Astarloak ere bera gaztetxoa zela akorduan dauka “zelan etorri zan behin rubixa-rubixa tintaute, maja-maja. Barrutik kamiseta bat ekarren jantzitte, baina besuetan tela transparentie, barrue ikusten zala. Holakorik ez zan janzten hamen eta enee, zaharrak gero neskie galdu zala eta zer ez…! Ikusteko modukue etorri zan, dotore askuen, baina makiñatxo esames egon zan!”, diosku irribarretsu. Etxean geratzearekin tentatu zuten aitak eta amak, baina “hiltzen banozue be ez naz hamen geratuko!” esaten ziela gogoratzen du Rosa Marik, Nievesek berak kontatuta.
Berasalucetarren saga
Sevillan Antonio Martinez Iñiguezekin ezkondu zen eta bost semeren guraso izan zen bikotea. Erraketista askorentzat bezala, ezkontza aitzakia moduko bat izan zen berarentzat kirol-ibilbidetik baztertzeko eta bere kasuan Mexikora jokatzera abiatzeko eskaintzari ezetz esateko. Ez zuen joaterik nahi gauzak zatartzen ikusten zituelako. Eta horrelaxe izan zen: segituan ailegatu zen erraketistei lizentziak ez ematearen agindua, modalitateko frontoiak ixtearena, ofizioari ospea kentzeko saiakerak, kirolaren gainbehera, kirolarien ahaztura… “Gizarte-molde asko apurtu bazituzten ere, edo agian horregatik, emakume haiek ez ulertuak izan ziren eta garaiko testuinguru politikoak zeresana izan zuen historiak gerora kondenatu dien ahanzturan. Izekok bere kirolari ibilbidearen kontuak isilik eramaten ikasi zuen”, argitzen digu Rosa Marik.
Berasalucetarren sagari Pablo anaiak, "Chiquito de Mallabia"k eman zion hasiera eta haren ondoren etorri ziren Jose Antonio, Javi, Mikel, Juan Pablo, Garikoitz, Eñaut, Pablo eta Asier Berasaluce. Nievesi "Berasaluce II."a izatea zegokion eta merezimendu osoz du bere tartea esku-huskako eta zestako pilotarien zerrenda luze horretan.
Harrera epela egin zion hegoaldeko Sevilla hirian hil zen Mallabiko Txikita 2021eko azaroan 6an, 97 urte beteta.