Lurraldebusek duen Donostiarako zerbitzuan, eskola garaian badira goizean goiz Zornotza-Donostia eta arratsaldez bueltako bidaia betetzen dituzten bi autobus. DB02 linea horren berezitasuna da Unibertsitate pare-parean duela geldialdietako bat eta ikasleen ordutegi eta ikaste garaiari egokituta dagoela. Zornotza, Durango, Zaldibar, Ermua, Eibar eta Elgoibar dira bere geraleku ofizialak, eta Zarautz eskaripekoa, hau da, aurretik telefonoz eskatu beharrekoa.
Autobusa Zaldibarren geratu ostean Areitiotik zuzenean Ermura doala ikusita, eta Mallabitik pasatzeak unibertsitateko ikasleei eta bestelako mallabitarrei ekarri ahal dien onurak kontutan izanda, sinadura bilketa jarri dute martxan. Beronen helburua udalari laguntza eta bitartekaritza eskatzea da, Lurraldebus enpresarengana jo dezan zerbitzu hori betetzen duen autobusak Mallabiko herrigunean geldialdia egiteko, bai Donostiarako joanaldian zein handik honako etorrian, Leioara doan autobusak egiten duen bezalaxe.
Ekimenaren bultzatzaileek ezinbesteko ikusten dute herritarren babesa eta erakundeen laguntza horrelako iniziatiba batek aurrera egin dezan. Herritarrek aspalditik erakutsi dute garraio hobeago baten premia eta bultzatzaileak pozik azaldu dira herrian jasotako erantzunarekin, adin guztietako sinadurak bilduz, eta iniziatibarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute.