Hitzordu jakina da askorentzat eguerdi bueltan Arriaga plazara inguratzea eta herri-kirol saioak ikustea. Kuriositatez beteta, egunero zale asko eta are turista gehiago batzen ditu ekitaldiak eta ikusmira itzela sortzen da egunean-egunean modalitate desberdinetan aritzen diren kirolari lehiatsu hoien inguruan.
Mallabian dagoen herri-kirol zaletasuna medio, Aste Nagusiko erakustaldiotan sarritan hartu dute parte horretan diharduten kirolariek, eta aurten ere bertan izan da herriko ordezkaritza. Jesus Gisasola, albaitaria formazioaz, irakaslea ofizioaz eta aizkolaria afizioz hiru egunetako ekitaldiak aurkezteko ardura izan du, adituaren berbekin ikusleei modalitate bakoitzaren jakin beharrekoak ezagutzera emanez. Goizeder Abendibarrek, bestalde, 16 urte ditu eta ilusio ikaragarriz jaso zuen Bilboko erakustaldian parte hartzeko gonbitea, aukera polita txirri-txirri harria eta plazarekin trebatzen joateko.