Aspaldi eraman zituen bizitzak Gasteiz aldera Felipe Zelaieta Txurruka (Mallabia, 1962) eta Belen Urutxurtu Argiñano (Berriz, 1960) senar-emazteak, eta bertako sare kulturalean aktiboki aritu izan dira: batik bat bertsogintzan eta kantagintzan Felipe, eta musikan eta artean Belen.
Orain buruhandi bana dute. Txotxongilo Bertsolariak ikuskizunerako propio egindakoa da Feliperen aurpegia duena, herriz herriko agerraldi desberdinak eginez ezagutzera eman dena. Belenen buruhandi irribarretsua, ostera, Gasteizko Arai konpartsaren ekimenez proposatu zen egitea. Berriztarrak hainbat txistulari eta dantzari talderekin kolaboratzen du. Eskultorea ere bada, Eskuahaldunak taldeko partaidea, eta erakusketa desberdinetan jarri ditu bere artelanak ikusgai.