Urriaren 5ean (zapatu honetan) emango diote amaiera AD Mallabia FTren Fronteniseko Bakarkako Ligari. 18 jokalari aritu dira txapelketan eta, orain arte behintzat, "oso maila altua" erakutsi dutela azaldu dute antolakuntzatik: Apuntatu diren jokalariak "Deba eta Durangaldeko eskualdeetako erraketa onenetarikoak" direla diote. Orain, zortzi lagun geratzen dira eta azken hiru kanporaketetan erabakiko da nork eramango duen txapela etxera.
Hitzordua zapatuan
Goizeko 10etan hasiko dira finalaurdenak: Endika Romerok eta Xabier Lezetak ekingo diote lehen partidari; Xabier Lezetak eta Iker Egiak jokatuko dute bigarrena; Jon Gandiaga eta Markel Bravo arituko dira segidan; eta Andoni Aldapez eta Mikel Rodriguez izango dira finalaurdenetako fasea ixtearen arduradun.
Partidak 18 tantora jokatzen dira, baina 20 minutura mugatuta egongo dira; beraz, finalerdiei 11:40an ekingo dietela estimatu dute antolatzaileek. Hasteko, finalaurdenetako lehenengo bi partidetako irabazleek neurtuko dituzte indarrak; ostean, azkenengo bien irabazleak lehiatuko dira.
Finala 12:35ean jokatuko da, eta bukatu eta berehala izango da sari-banaketea. Irabazleak txapela jasoko du eta 2. eta 3. postuan geratzen diren jokalariek garaikurra izango dute sari.