Urriaren 25ean eta 26an kontzertu ugari egongo dira Mallabian, bertako zein euskal eszenako talde sonatuekin, Urriko Jaien harira.
Ostiralean (urriak 25) Aiama talde ermuar-mallabitarrak —orain gutxi egin bezala— herria astinduko du bere punk-oi doinuekin. Beranduegi erromeria ere bertan izango da, betiko zein egungo kantuak interpretatu eta parkea dantzan jartzeko asmoz. Kontzertuok 21:30etik aurrera izango dira, baina aurretik ere musika egongo da: 20:15 aldera, parkean bertan egingo den hanburgesa pintxo dastaketa girotuko du Musikabiak.
Larunbatean (urriak 26) gaur egungo euskal eszenaren gorenean dauden hiru talde arituko dira: Dupla, rap-a pop eta elektronika doinuez janzten dituen Aguraineko duoa; Unidad Alavesa, ahots gordin eta letra kritikoak folk-rock doinu gozoz orekatzen dituen banda ataundarra; eta Ezpalak, mundu mailan arrakasta handia lortzen ari den rock alternatiboaren erritmo biziak eta energia Euskal Herrira ekarri eta euskaratu dituen talde zestoarra. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira eta, behin amaituta, Herrikoko elkartera pasako da festa, Dj Marrazoren saioarekin.
Jarraian, talde bakoitzaren mostratxoa bideoan: