Pasa den irailaren 24an, batzarra deitu zuten Gaba Baltza "euskara eta euskal ohiturak erdigunean jarrita" antolatzeko. Prestaketa lanen artean, herritarren arteko ikus-entzunezko laburra egitea erabaki da. Domeka arratsalde honetan (urriak 13) jarri dute grabaketa hitzordua, San Jurkiko ermitan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Atera ganbaratik mozorro eta trapu zaharrak
Deialdian herritarrak mozorrotuta eta bestelako apaingarriekin bertaratzera animatu dituzte: Zapiak, gonak, txapelak, kandelak, kalabazak, makilak, otzarak... edozerk balio du; hori bai, ezinbestekoa izango da gainontzeko herritarrak ikaratzeko gogoz etortzea: gaurtik igandera bitartean, praktikatu ispilu aurrean zuen pose eta keinu beldurgarrienak!