Mallabiko hileta-errituak ezagutuz

Estibalitz González 2024ko urr. 23a, 07:17

Europako Ondarearen Jardunaldien egitarauaren barruan eta “Ibilbide eta loturen ondarea” izeneko gaiaren harira, aurreko zapatuan Mallabian egindako ibilbide gidatuan heriotza eta hileta-errituak erabili zituzten hizpide. 

Hogeitahiru lagunen parte hartzearekin, Oizko aztarna megalitikoetan hasi, Zengoitteko San Juan ermitan jarraitu eta Jasokunde elizan amaitu zen goiz osoan zeharreko jarduna. June Ruiz, Arte historialari berriztarrak gidatutako denboran zeharreko ibilbidea izan zen, Historiaurretik gaur egunera arteko bidaiatxoa. 

Azaldu zuenez gaur eguneko eta esaterako Erdi Aroko pertsona batek heriotza ulertzeko modu zeharo desberdina dute, historian zehar izandako eboluzioaren ondorio, eta kontzepzio hori lurperatze lekuetan, hilobi tipologian, gorpuaren garraio kontuetan, hileta-errituetan edota dolu-ohituretan islatu izan da. Ibilbidean zehar hainbat aztarna eta hileta-praktika ezagutzeko aukera izan zuten ekintzan parte hartu zutenek.