Mallabiko Gazte Asanbladak urtebete: “Gaztiok herrixen elkartu eta geure interesak garatzeko leku eta aukerak sortzeko grinak mobitzen gaitxu”

Eneritz Aranburu 2024ko aza. 21a, 11:52

Batzarrak astien behin egiten dabez, barixekuetan, ikasle bizitzatik etxera bueltan datozenien. Batzuk unibertsitate ikasketetan buru-belarri dabiz, beste batzuk hegalak zabaltzen batxilergo eta lanbide heziketan. Ikasliek die baina gauza bat argi badaukie, Mallabiko herrixe berpiztie da. Gorka Urbizuk Teoria bat abestixen dinon moduen “irtenbide bat bada izan daiteke hemen, utzi gazteak bakarrik, libre”.

Urtebeteko ibilibidie ein dozue honezkero, zer dala ta elkartu zineten Gazte Asanblada baten?

Mallabiko Eskolaren 50 urteurreneko ospakizunetan bertako irakasle eta hainbat guraso buru-belarri hasi zienien konturetu ginen gure adineko jenterik ez zala animau. Orduen hasi ginen 15-20 urte bittarteko hainbat gazte gure ekarpena zein izen leixen berbetan eta Gazte Asanblada sortzie erabaki gendun.

Zein izen da ba zuen ekarpena urtebete honetan?

Gure ikuspuntue emon dogu herrixen eitxen dien hainbat ekintzen inguruen, jai batzorde bat sortzie eskatu geuntzen Udalai eta halan diherdu lanien. Hainbat ekintzatan parte hartu eta gure ingurukuengana hurreratzen hasi gara kartelak ipiniz eta sare sozialetan gure lana elkarbanatuz. Urriko jaixetan, Gabonetako egitarauen, karnabaletan, Martxoak 8, Azaroak 25, Maiatzak 17 eta abar aldarrikatzen ahalegintzen gara. Azterketak euskaraz izateko elkarretaratzeak eta jai eta kultur arluen gure ikuspuntue emoten ahalegintzen gara. Aurtengo Andra Mari jaixetan kuadrilen arteko jolasak antolatu doguz eta oso harrera ona euki dabe jentian aldetik. Gure beste eskaera bat herriko plazie berpiztie da, horretarako adibidez, jaixetako kontzertuek bertan eitxie eskatzen dogu.

Eta aurtengo Urriko jaixetan, aspaldi ospatzen ez zan Elegante Egune antolatu dozue.

Bai, guk zuzenien ez dogu inoz ospatu Elegante Egunik, gurasuek eta gu baino nagusixauek bai, ze azkena 2017-2018 inguru horretan egin zan eta gerora pandemia etorri zan. Aurten Gazte Asanbladiaren sare sozialetatik galdetu gendun ia berreskuratuko ete gendun Miss eta Mister “lehiaketa” eta % 100eko erantzune baietza izen zan. Politxe beintxantzen jakun berreskuratzie eta ilusinue eitxen deusku dotore jaztiek. Arkondarak, korbatak, lentejueladun soineko eta makilaje jantzitxe urtetzera animaten dogu jentie. Danok daukeguz amak eta aitak ezkontzaren batera eruendako jantzi dotoriek ganbaran edo trastelekuen gordeta.

Zelan izengo da boto emotie?

Herriko tabernan eta soziedadien ipiniko die boto paperak eta kutxak. Pertsona bakotxak boto bat emon ahal izengo dau, ez gehixa, beraz tranpaik ein barik, jeje! Elegante eguneko famili argazkixe parkien atarako dogu 20:30xetan eta gabeko 12xetan 2024ko Miss eta Mister Mallabia sarixek banatuko die.

Barixekuen hori, eta zapatuen bazkarixe be antolatu dozue, jentie animau da?

Bai, oso pozik gauz tiket danak saldu dielako, oso harrera ona euki dau. Adin desberdinetako jentiek erosi dauz tiketak. Urrixan 19xen amaitxu zien hasieran atara genduzan 84 baina jentie hainbarik geratu zan eta beste 20 atara genduzan. Bazkalostien bingo musikatua eukiko dogu gainera, oso dibertigarrixe izengo da fijo! Eta gero Uk03 txarangie kalietan ziher kontzertuek hasi arte.

Kultura eta jai arluen lanien diherduzue, baina gure herriko egunerokotasune zelakue da Gazte Asanbladian ikuspuntutik?

Gazte Asanblada 15 eta 20 urte bitxarteko jentiek osatzen dogu. Horrek esan nahi dau astien ziher herrixen lehen baino gitxiago gabizela, gehixenak unibertsitate ikasketak diela eta, herritxik kanpo bizi garelako astelehenetik barixekure. Baina halan eta guzti gune egoki baten biherra ikusten dogu. Baitte be guretzako erakargarri litzakezan ekintzak eta abar sortzie be. Herrixen bertan urten eta bizitzie herrixen eitxie ahalbidetzen dabenak, inguruko beste herri batzuetara juen biherrik barik.

Eskolatik 12 urtekin Berrizera juten die gehixenak ikasketak jarraitzera…

Eta horrek eragin zuzena dauke gaztiek herrixen gitxia ibiltxiaz. Beste herri batzutan lagunek eta kuadrilak daukeguzenez, hara juteko joerie daukau eta gure herrixe hilde geratzen da. Gazte Asanbladatik herriko gazte danok edo ahalik eta gehixenak batzie eta danon ikuspuntuek ezautzie da helburue. Batez be gaztiok herrixen elkartu eta geure interesak garatzeko leku eta aukerak sortzie.

Erlazionatuak

Mendi Martxa

Drogetenitturri aza 21 Mallabia