Mika Xavier Ribeiro, jostuna: “Neure buruari eta alabari erakutsi nahi diot gure bizitza aurrera ateratzeko gai naizela”

Eneritz Aranburu 2024ko abe. 19a, 12:32

Instagram, Facebook eta beste hainbat sare sozialez gain, Mallabiko kaleetan ere ikusi dugu Mika jostunaren iragarkirik. Brasilen sortua, lau urteko alaba Ellierekin bizi da Mallabin eta josteko tailertxo bat du bere etxeko gela batean. Bere proiektua da eta seriotasun handiz dihardu lanean alaba eta bien bizimodua aurrera ateratzeko.

Nondik datorkizu josteko afizioa?

Brasilen amama, ama eta izeko jostunak ziren, eta oraindik jostunak dira. Ama gutxiago seme-alabak zaintzen egon delako gehiago, baina berak erakutsi zidan josten. Ikasketak ere egin nituen korte eta konfekzioan, patronajean eta diseinuan. Hemen batez ere konponketak egin izan ditut eta horrek nire alde kreatiboa lantzen erakusten dit arropa bati beste erabilera bat ematerako orduan.

Eta arropa hain merke saltzen den sasoi honetan, jendeak zuregana jotzen du…

Berez jostunena ez da oso ondo ordaindutako lan bat egia esan, eta ez zaio behar besteko balioa ematen. Baina nik ulertzen dut merke erosteko dagoen joera, dendetako prezioa ordaindu ezin duenarentzat batez ere. Baina jakina da lan esklabua dela, umeek egiten dutena askotan eta sustantzia kimiko kaltegarriz beteta daudela arropok. Nik egiten ditudan konponketetan detaileak edukitzen saiatzen naiz, bezeroak ikus dezan bere arropa errespetuz eta maitasunez tratatzen dudala, nahiz eta etxean egiten dudan lan eta nire jarduera txikia den. Idatzitxo bat oparitzen diot bezero bakoitzari nigan konfiantza izateagatik eskerrak emanez. Nire tailerraren irudia eta nik adierazi nahi dudana, alaba aurrera ateratzeko lanean ari den ama ezkongabe bat naizela da. Neure buruari eta alabari erakutsi nahi diot gure bizitza aurrera ateratzeko gai naizela.   

Sare sozialetan ikusi dugu tailerra atontzen ari zarela...

Amarekin hitz egin dut telefonoz gaur eta negarrez esaten zidan, “Mika, nik lortu ez nuena lortzen ari zara!”. Hori zen nire proiektuetako bat aurtengo urtean, eta horretan dihardut, pintatu eta hobeto egituratu bezeroak niregana datozenerako, gustura sentitu daitezen. Esku artean darabildan beste proiektu bat bezeroaren etxera joateko zerbitzua da. Laugarren pisu batean bizi naiz eta ez daukagu igogailurik, horrela ezinduta dauden pertsonei eskeini diezaieket egiten dudana.

Eta bihotz formako kuxinak? Zer dira?

Opari afektiboak deitzen diet. Lagun bati ama hil zitzaionean ez nekien zer esan eta bere amaren arropa bat eskatzea pentsatu nuen. Bihotz formako kuxin bat egin nion, poltsiko eta guzti. Poltsikoan euren argazki bat sartu nuen. Amaren jantzi bat zen, bere usaina duena eta arropa hori jantzita gogoratuko du ama urte askoan. Era honetako gauzak josten lan egitea lortuko banu, oso eskertuta egongo nintzateke. Asko gustatzen zait opari afektiboak egitea, jendearentzat esanahi berezia eduki dezaketen gauzak egitea. Esku artean beste horrelako lan bat daukat eta oraingo honetan ordaindu egingo didate, hori da nire hurrengo proiektua.

Maitasuna adierazteko duzun era da orduan joskintza. Guri maitasun hori jasotzea kostatzen al zaigu, euskaldunoi?

Piska bat bai, ja ja. Brasildarra naiz, nahiko intentsoa naiz eta ohitzen noa piskanaka zuen izateko erara. Baina oso gustura bizi naiz Mallabian. Nire alabaren birraitona Donostiakoa zen, Garmendia abizenez, eta nire bikotea zenak Euskal Herria ezagutzera etorri nahi zuen. Astiro-astiro ohitzen noa hemengo kulturara, hizkuntzara… Euskara ikasten ere egon nintzen hiru bat hilabetez, baina gero lanean hasi behar izan nuen. Badaukat euskaltegira bueltatzeko asmoa, nire alabaren kultura delako eta nagusiagoa denean ikasketekin laguntzea gustatuko litzaidakelako. Jendearekin ere saiatzen naiz hitz gutxi batzuk euskaraz esaten, ikus dezan errespetatzen dudala bai hizkuntza eta bai kultura. Banandu nintzenean Brasilera bueltatzekotan ere egon nintzen, baina hemen geratzea erabaki nuen hau ere nire alabaren kultura delako. Beragatik bizi naiz hemen.