'Urrezko' herri-kirol saioa eskaini zuten pilotalekuan

Ander Gomez 2024ko abe. 9a, 07:09

Mallabiko pilotalekuko harmailak beteta pasa den ostiraleko txapelketan. Argazkia: Eneritz Aranburu.

Abenduaren 6an, ostiralean, herri-kirol kopa desberdinak jokatu ziren Mallabian: Urrezko Aizkolarien Eusko Label Saria, Binakako Aizkolari Kopa (emakumezkoen maila eta gazteen maila) eta Binakako Harri-jasotze Kopa (emakumezkoen maila eta gizonezkoena). 12:00etan hasi ziren eta bi orduko lehia polita bizi izan zen Mallabia I. Pilotalekuan, gehienak finaletarako txartela lortu nahian zeudenez gero.

Urrezko Aizkolariak kopan Txikia IV.ak lortu zuen markarik onena (11:07) eta finalera pasako da zuzenean. Bigarren eta hirugarren denbora onenak Ibai Soroak eta Hodei Ezpeletak egin zituzten (11:41 eta 11:47, hurrenez hurren). Finala jokatzeko aukera daukate, baina indarrak neurtu beharko dituzte aurretik, datorren igandean, Otxandion.

Segidan parte-hartzaile guztien denborak:

  • 1. Julen Alberdi Txikia IV.a - 11:07
  • 2. Ibai Soroa - 11:41
  • 3. Hodei Ezpeleta - 11:47
  • 4. David Naredo - 12:21
  • 5. Ugaitz Mugertza Mugertza II.a - 13:28
  • 6. Txomin Amundarain - 14:46

Binakakoak

Gazteen Binakako Aizkora txapelketan Igoin Pikabea eta Beñat Senosian bikotea gailendu zen (8:30) eta finalean izango dira. Unai Etxeberria "Osinalde" eta Kimetz Oñederra "Aittola" 12 segunduko alde eskasera geratu ziren.

Emakumezkoenean, etxean jokatzen zuen Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi mendaroarra nagusitu ziren, alde handiarekin gainera: 16:49ko denbora egin zuten; Lucia Orbek eta Malen Barrenetxeak 3 minutu eta 15 segundu gehiago behar izan zituztelarik.

Jokatu osteko adierazpenetan Zelaik azaldu zuenez, "etxean jokatzea ez da onerako beti"; izan ere, jardunaldia "nahiko urduri" hasi omen zuen. Baina gutxira "buelta ematea lortu" eta "gustora" amaitu zuela kontatu zuen. Finalera begira zioen gauza bat heltzea dela eta beste bat irabaztea: "Lan pixka bat egin beharko da, baina badaukagu denbora pixka bat ere, beraz, saiatuko gara ahal dena egiten".

Harriarekin

Binakako harri-jasotzeari dagokionez, Eider Garcia Duranak eta Sara Jimenez de Aberasturik 5.622 kg egin zituzten; Garazi Ansak eta Aroa Sanchezek osatutako bikoteak 5.232 kg; eta Gorka Etxeberriak eta Beñat Telleriak kopa honetan egindako markarik onena (gainontzeko bikoteenak ere kontuan hartuta) lortu zuten: 10.924 kg.