Izaro, abeslaria: “Disko honetan kantak eraikitzen ibili naiz, kantek ni eraiki beharrean”

Estibalitz González eta Dorleta Vidal 2024ko abe. 26a, 07:16

Izaro abeslari mallabitarrak Gabonetan diskoa aurkeztu zuen Durangoko Azokan, Gabonekin lotutako zortzi abestiz osatutako lana. Ilusioa, esperantza eta osasuna dira disko honen ardatzak. Argazkiak: Arriguri.

Zortzi abestiz osatutako diskoa kaleratu berri duzu, Gabonekin lotuta. Zerk bultzatu zaitu gai honekin soilik lotutako abestiak sortzera?
Banuen gogoa horrelako zerbait egiteko, baina momentu egokiaren zain nengoen. Hain urte ederra bizi izan dugu aurten, hain ederra izan da 2024a Cerodenero-rekin, hainbeste sendotu da lan-taldean osatzen dugun familia, hain gara kontziente gertatzen ari zaizkigun gauza onez… Gozatzen ari gara, oso eskertuta, elkarri begira begirunez eta maitasunez. Oso kontziente gara gauzak ez direla betiko, eta orain daukagun hau oso-oso preziatua dela, eternalak sentitzen gara, dena dago ondo, eta gorde nahi genuen esker on eta ospakizun hau guztia, betiko hilezkortu. Hau zen momentu egokia, garen familia honen prime-a.

Aurretik egindako diskoekin alderatuta, erregistro aldaketa egin duzu. Gustura sentitu zara?
Ezberdina izan da batez ere idazteko prozesua. Normalean kantua da lehenengo eta gero ni, ez dut kontrol-kontziente gehiegi izaten sormenean, kantua nonbait dago eta jaiotzen da, berak badaki nola irten nahi duen eta pixka bat botaka egitea bezala da, kanal bat bezala naiz nire kantekiko. Kantuak datoz eta beraiek naramate. Kantak datoz eta beraiek dakarte gaitegia, baina kasu honetan alderantziz izan da prozesua, gaitegia zetorren aurretik eta gero kantak. Kantak eraikitzen ibili naiz, kantek ni eraiki beharrean. Asko disfrutatu dut, sormen kontzeptua guztiz ezberdina izan da. Esperimentu bitxia izan da gaitegi konkretuei kantatzea, oso aberasgarria niretzat. Harrapaketan ibili gara, baina alderantziz. 

Eta diskoa ezagutzera emateko sortutako bideoekin?
Argi neukan gure lan-talde familia hau gordeta utzi nahi nuela. Sekula ez gara izango orain garen bezalakoak, eta amets bat da niretzat hau gordeta izatea, zaharrak garenean ikusi ahal izateko. Maite ditut hainbeste, maite dut bizitzen ari garen hau, eraiki dugun hau, eta hain garbi gordeta gelditu ahal izatea bizitzan zehar ikusteko opari izugarri bat da niretzat. Estetikoki ere bilatu dugu hori, oroitzapenen kutxa bat, bodegoi bat bizirik. Irribarre egiteko klipak dira, konpainia egitekoak, ongi-etorri klipak.

Nori zuzenduta dago disko hau? 
Ilusioari. 

 Umeei ere? Nola sortu zen Pirritx, Porrotx eta Marimototsek diskoan parte hartzearen kontua?
Olentzero idatzi nuenean argi neukan Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin abestu nahi nuela. Niretzat liluragarria izan da: haiei begira eta haiek entzuten egoten zen ume hura heldua da, eta orain haiekin kanta diezaioke beste ume guztiei. Ez al da magikoa? Izaro txikiari egin diodan oparirik politenetarikoa, ziur. Argazkia daukat egongelan jarrita, laurok tarta jaten, hauxe da bizitzaren gailurra! 

Olentzero singlea atera zenuen aurretik, eta Durangoko Azokan disko osoa aurkeztu duzu. Zein harrera izan du?
Oso harrera polita. Umeak txundituta daude abestiarekin eta gurasoak eta irakasleak ere bai. Ilusioa partekatzea baino gauza ederragorik ez dago! 

Zein adineko jendea gerturatu zitzaizun Azokan? Zein da Izaroren publikoa? 
Denetarik, ezingo nuke perfilatu gure publikoa, oso anitza da, oso ezberdina, denetik. Zahar, ume eta gazte. Han eta hemengoak. Baina badute zerbait komunean: jende ona dira, jatorrak. 

Diskoan Falta zarenetik kantua dago. Mahai buelta askotan falta da baten bat, eta zure abestian tristura horri aurre egiteko, zorionari eta pozari eskatzen diezu besarkatzeko. Pertsona askorentzat kantu hunkigarria izango da, ezta?
Bai, egun konplikatuak izaten dira familia askorentzat, familia gehienentzat. Gure kantuek ukendu bezala funtziona badiezaiokete norbaiti, gure lana eginda egongo da. Dolua ez omen da inoiz txikitzen, bizitza handitzen omen da doluaren inguruan, eta sinistu nahi dut hori ari garela egiten, bizitza handitu dolua airosoago eramateko.  

Egin duzun diskorik intimistena dela esango zenuke?
Ez, gaitegi propioak dira intimistenak. Disko hau ilusiotik eta ilusiora jaio da. 

Aurretik beste abeslari askok abestu diete Gabonei. Zuk lan honetan zertan jarri duzu azpimarra: neguan, argietan, zoriontasunean, osasunean…? 
Elurra beti izan da niretzat zerbait oso iradokitzailea, eta negua oro har, beraz, presentzia dezente du klimatologiak disko honetan ere. Eta esango nuke ilusioa dela hitza batez ere: ilusioa, esperantza eta osasuna. 

Diskoaren karatulan esker bereziak ematen dizkiezu amari eta aitari. Nola oroitzen dituzu txikitako Gabon jaiak? Gabonak gustuko?
Haurtzaroko oroitzapen ederrak ditut, oso haurtzaro zoriontsua izan nuen, oso etxe ona, eta jaiak ere halakoak. Mimoz, adeitasunez eta artez hezi gintuzten eta ezin naiz eskertuago egon. Gabon bueltan, elurra egiten hasten zenean, eta txokolatea, eta eskolara ezin joatea elurra zelako, eta etxea apaintzea, goxo jatea, elkarrekin abestu eta dantza, pijama epel-epelak… Zorte handia izan dut. Gainera nire urtebetetzea ere izaten da egun hauetan, eta izugarri gustatzen zaizkit urtebetetzeak. 

Kantutegi tradizionaletik kantu bat aukeratzekotan, zein?
"Urte barri baaarri, 
dekonak ez dekonaaaari, 
nik ez dekot eta neeeeeuri". 

Zure buruan dabilen hurrengo proiektua?
Gabonetako kontzertu bereziak izan ditut presenteen, Kursaalean, abenduaren 22an eta 23an. Gero Cerodenero-ren bira bukaera, BEC!-en, 2025eko maiatzaren 31n, oso-oso potente, eta gero atsedena.