Asier Tejado mallabitarra Euskadiko txapeldun eslalomean

Drogetenitturri 2025ko urt. 11a, 07:01

Asier Tejadok Euskadiko txapeldun bukatu zuen 2024a, abenduaren 31n Aian jokatutako proba irabazi ostean. Emaitza honekin laugarren urtez jarraian jantzi du Euskadiko txapela mallabitarrak. Irudiak: Eusko Rally Fan, Bosteko Eskuderia, Asier Tejado.

Pasa den abenduaren 31n ospatu zen Aiako VII. Slaloma, Bosteko Eskuderiak antolatzaileek azaldu bezala, "hotz handiarekin baina giro paregabean". 33 taldek hartu zuten parte, lau maila desberdinetan: 1.600 cc-ra arteko turismoak, 1.600 cc-tik gorakoak, atzeko trakziodunak eta Kart Cross-ak.


Eusko Rally Fan-en Aiako Slalom txapelketaren grabazioa (Asier Tejado 25:49 minutuan).

Urteko eta denboraldiko azken proba izan zen. Aitor Llarena, Eneko Correia, Asier del Pozo eta Asier Tejado izan ziren maila desberdinetako irabazleak, baina Tejadok lortu zuen titulu gorena: Euskadiko txapela, 4. urtez jarraian. Lehen lasterketa bertan behera utzi ostean, bigarrenean egindako lan bikainak garaipena eman zion. Unai Iparraguirre 3 dezimatara gelditu zen, bigarren postuarekin konformatuz, eta Iosu Alberdi hirugarren geratu zen Tejadotik segundu pasatxora, lasterketako juniorrik onena izanik.

Aurtengo txapela "azken urteetako lehiatuena" bezala kalifikatu dute Euskadiko Automobilismo Federaziotik.