Motorshow-ak autoz beteko du Goitondoko industrialdea domekan

Ander Gomez 2025ko urt. 15a, 12:35

2019an (pandemia aurretik) ospatu zen azken Motorshow-a Mallabian. Orain, sei urte geroago, bueltan da bere bosgarren edizioarekin. Domeka honetan burutuko da, goizeko 10etatik hasita, eta Goitondoko industrialdea izango da berriz ere erakustaldiko ekintza nagusien gune.

Mallabia Motorshow-ak V. edizioa ospatuko du urtarrilaren 19an, domeka honetan bertan, eta goizetik arratsaldera arteko lehia eta erakustaldi desberdinez gozatu ahalko dute auto zaleek.

Goitiondoko industrialdean (Alkideban), goizeko 10:00etatik aurrera hasiko diren entrenamenduetan, motorrak berotzeko aukera izango dute gidariek. Ordubete eskas izango dute, 11:00etan puntuan hasiko baitira kronometratutako eslalom txandak. Arratsaldera arte luzatuko dira hauek, baina eguerdiko 12:00etan Mallabiko inguruetan bueltatxoa egiteko tartea hartuko dute denek. Ibilaldia herrian bertan bukatuko dute, elkarrekin pintxoa hartzeko. 16:00etan, behin eslalom txandak bukatuta, estilo libreko drift saioa egongo da. Drift erakustaldia amaitzean, 17:30ak aldera, sari-banaketa egingo dute eta eslalomean lehen postua lortutakoak garaikurra jasoko du.


Argazkia: Murueta MotorSport.