Irakasleen %100ak grebarekin bat egin arren, zerbitzu minimoak mantendu dira Mallabiko eskolan

Drogetenitturri 2025ko urt. 23a, 07:18

Argazkia: Anboto.

Mallabiko Learreta-Markina eskolatik jakinarazi bezala, irakasle guztiek bat egiten zuten grebarekin atzo. Hala ere, hiru klaustrokide egon ziren eskolan, zerbitzu minimoak mantentze aldera. Gaur (osteguna) bigarren greba deialdia dute irakasleek.

Hezkuntzako LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, unibertsitatez azpiko irakaskuntza publikoan deitutako 12 greba eguneko zikloari ekin zioten atzo. Lehen deialdi honetan (atzokoan eta gaurkoan) irakasleak deitu dituzte protestara. Datorren astean, berriz, Haurreskolako langileak daude deituta, urtarrilaren 28an eta 29an. Eta baita sukaldeetako eta garbiketako langileak ere, horien kasuan, urtarrilaren 30ean eta 31n. Egoera aldatu ezean, otsailerako beste horrenbeste greba egun deitu dituzte, hau da, beste sei.

Grebaren bitartez plazaratu dituzten aldarrikapenen artean honako hauek nabarmendu dituzte: Lan-zamak arintzea, gazte-berritze planak, eros-ahalmena berreskuratzea, enplegua egonkortzea eta bermatzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea, lizentziak eta baimenak hobetzea, eta lan-osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea.