Josepa Narbaiza, goizean goizeko iratzargailua

Estibalitz González 2025ko uzt. 16a, 12:58

Etxe barreneko soloan, Josefa eta Paulo loba. 1942.

Bizi zela 150 urtetik gora diren arren, deigarria da zenbatek duten oraindik bere entzutea. Josepa Goti auzokide eta senide askok gogoratzen dute, emakume berezia zelako, irrintzi indartsuak botatzen zituelako... Hurrengo lerroetan han-hemenka jasotakoak ezagutu zutenen zein haren gainekoak entzun dituztenen ahotik. Argazkiak Diego Quiroga Losada, Santa Maria del Villarreko IX. Markesa.

Zengoitteko Bengoan erakutsi zidaten antzinako argazki hartan igitai batekin garia ebakitzen ageri zen edadeko emakume hura deigarria egin zitzaidan, ehunazko alkandora zuri-zuria zakuekin egindako amantal zaharkitu batekin estaltzen zuena. Josepa Goti zela, Zengoitteko Goiti baserrikoa, baina Berrizen bizi izan zituela bere azkenengo urteak. Haritxo fina zen, baina jakin-minez tira egin nion: abizenak ez zituen gogoratzen inork, Goti eta Goti besterik ez. Galdetu hemen eta galdetu han, urruneko senide batzuengana iritsi nintzen: Narbaiza Bilbao. Jaiotza, ostera, ez zen ageri Mallabian; elizaz Zengoitte izanda Berrizen agian? Bertan. 1867an jaioa. Domingo eta Rufina gurasoak. Irrintzilaria zela esan zidatenean, jakingurak bultzatuta, bere ingurumarian galdetzeari ekin nion.

Zengoitte auzoko Ganekoetxe edo Aldapa baserriko Patxi Aldapek ez zuen ezagutu, baina euren aitari entzunda zion Josepa Goti “auzoko reboltosie” zela. Uxarte baserriko Julian Bilbaok, ostera, mutikotan ezagutu zuen. “Zengoitteko ermittan, domekan-domekan, arratsalde erdixen errosarixue egoten zan eta bera zan dei-kanpaiek joteko ardurie ekana. Gañera zelebre bat zan: gustau eitten jakon guri mutikuoi adarra jotie, begixek itxi ta lo plantak ein. Guk alkarri 'Hi, lo eitten xok gañera, kanpaie joten ta lo!'. Lo ez, izarrik, aprapos itxi begixek guri barre eraitteko!”, gogoratzen du irribarretsu. 

“Etartien egur txikitzen eitten eban gogor, ziritxo bat eta mazotxo bat eta tak-tak-tak, egur txikitzen! Andra gogorra zan, gogorra! Baina gurera etortzen zanien ez zan kontu kontaldi bat ein barik juten”, gehitzen digu. Barre algara itzelak egiten omen zituen “harek ahiztak uzkar bat sentidu ezkero, orduetarako barriek ekezen”, Julianen esanez. Zengoitte Beittiko Maria Agirrebeitiak ere “gari-ebaten, egurre txikitzen eta ortuen biherrien”, gogoratzen du. Andre gogorra zela dio Cecilio anaiak ere.

Zengoitte auzoan, Goitia baserria.
 

Esnatu behar
Gotin bera baino bi urte zaharragoa zen Maria ahizparekin, honen senar Agustin Agirrebeitiarekin eta bikotearen aldrarekin bizi izan zen Josepa. Irrintziak botatzen trebea zen diotenez. “Akordaten jakonien” Julianen gomutaz, “baliente dauela-edo holako asuntoren bat erakutsi guran-edo” ijui itzelak botatzen zituen. Goizetan oilarrak jo orduko ijui luze batekin egunari diosala egitea gustatzen zitzaion Josepari “persona danak ez dabez luziek eitten, baina Josepanak luziek zien beti”, Julianek dioskunez. “Erlojuik ez euen eta oilarraz ibiltzen zien, eta oilarroi zuzena izen biharko zan, bestela okerreko orduetan esnatuko zittun danok”.

Lastoarekin argia
Zengoittekoak mezetara betidanik Berrizera joateko joera izan dute eta elizarekin kunplitzeok eguneroko eginbeharretakoa izaten zen. Goizeko 6:30ean Berrizen egon behar izaten ziren eta Josepari auzokoak esnatzea gustatzen zitzaion. Inma Zendoia Agirrebeitia berriztarrak, Maria Narbaizaren lobak, bere amari entzunda zizkion “Zengoitte osue esnatzeko besteko irrintzie botatzen ebala, itzela! Sei txerdixetarako mezetara bajatzen zien Berriza eta inguru guztixek itzartzen ei ebazen. Amari entzunda zelan argixe eitteko hartu lastue eskuen, ixotu eta benga, jende-errebañuaz behera, Zengoitteko jendiaz elizondora etorten zan. Horrek orduetan eta negue suertatzen zanien, gaba izengo zan! Mezetara! Orduko fedie!

Inmaren lehengusina den Mertxe Elordi Agirrebeitia elgoibartarrak ere ez zuen ezagutzerik izan, baina “Tia xahar” deitzen dio. Etxean entzun duenetik hitz egiten du, “langilea zen, zuhurra… eta gizonezkorik ikusterik, ezta pentsatu ere! Berak bere lana, bere ardurak… Emakume oso baliotsua zen, gogorra. Gure aittak sarritan esaten zuen harek ikasketak eduki bazituen, auskalo nora ailegatuko zen! Emakume aparta zela! Gurasoei etxean entzun izan diet sarri 'Tia xaharra, ha zer zen!'. 

Eta dena ona beti, txarrik ezer ez”, aipatzen du Mertxek. Honen ahizpa Jesusa zaldibartarrak “bihargiñe eta solterie” zela diosku. “Ez zan ezkondu ez zebalako gure izan. Tia xahar esaten geuntsen, baina urtiek die hil zala. Harek Berrizera juan zien gero” gehitzen digu. Irrintziak botatzen zituela ere entzunda zuten bi ahizpok eta Mertxeren esanetan horretan “zoragarria zen, famaua. Indar haundiz botatzen omen zituen”. 

1944 urtean Goti utzi eta Berrizera eraman zuen bizitzak, Etxaburu Aurrekoa baserrira. Han eliza ondoko leku jakin batera joaten zen irrintziok ganoraz egiteko, soinua hobeto entzuten zelako; umeek bat botatzeko eskatzen ziotenean, gustura askoan egiten zuen. Mariaren familiarekin biziko zen, harik eta 1949ko abuztuaren 6an Etxaburun bertan zendu zen. Soloan gari-ebateko lanetan ateratako argazki hori beti egon zen etxe hartako ezkaratzean, halan gogoratzen du Onandi baserriko Arantza Agirrebeitiak. “Aittittan izekue zan Josepa eta ointxe be akordaten naz: txapie holantxek eta argazkixoi ezkatzien”. Beti etxekoen akorduan.

Gari-ebaten familian.1942.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.