Areitioko Kirol Hiriko zelaiak ereiten hasiko dira asteon

Ander Gomez 2025ko api. 28a, 07:00

Eskualdeko azpiegitura handienetakoa izango den Areitioko Kirol Hiriko obrak aurrera doaz. SD Eibartik jakinarazi dutenez, laster, promesa gazteek euren talentua garatzeko lehen mailako instalazioak izango dituzte eskura, eta zaleek harmailetatik animatzeko eta jokalarien eboluzioa jarraitzeko aukera izango dute. Argazkiak: SD Eibar.

Kirol Hiria osatuko duten bost zelaietatik bik belar naturala izango dute eta ereintza aste honetan bertan hasiko dela jakinarazi dute SD Eibartik. Gainontzeko hirurak artifizialak izango dira eta ekaina hasieran jarriko dituzte. Konplexuaren urbanizazioa, sarbideak eta aparkalekuak dagoeneko bukatu dituzte; baita gizonezkoen lehen taldea hartuko duen eraikinaren lehen solairua ere. Bestalde, 1.400 ikusle hartu ahalko dituen tribuna oso fase aurreratuan dago eta azpian futbol-baseko instalazioak izango ditu. Barne-urbanizazioari dagokionez, azken erremateak fintzen eta kirol-hiriko txoko guztiak lotuko dituzten espazioak egokitzen ari dira. Guztia amaituta, teknologia inplementatzeko unea iritsiko da, sare fisiko eta inalanbrikoa instalatuz.

Jasangarritasunarekiko konpromisoa azpimarratu dute

Proiektua garatzerakoan "eredu arduratsu eta ingurunearekiko errespetuzko baten aldeko apustua" egin dutela azpimarratu dute. Batik bat, eskura dauden baliabide hidrikoak optimizatzean zentratu dira: Kirol Hiriak ura biltzeko sistema berritzaile bat izango du —euriaren zein ibaiko ura jasoz— eta zelaiak ureztatzeko erabiliko da. Ibaiaren ibilguan egin beharreko lanak amaitu dituzte jada.


Proiektuaren infografietako bat, obren bukaera irudikatuz.

Obrak erritmo onean doaz aurrera eta, SD Eibartik, positiboki eta ilusioz ikusten ari dira "plano gaineko proiektu bezala hasi zena errealitate ukigarri eta operatibo bihurtzen". Gaineratu dute Areitio izango dela SD Eibarren armarria konpartitzen duten guztien bizileku berria, "bertan hazi, hezi eta maila gorenean lehiatzeko pentsatua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.