Ondare megalitikoa ezagutzeko jardunaldiak egingo dira asteon

Ander Gomez 2025ko mai. 6a, 12:24

Apirilean aurkeztu zuen Mallabiko Udalak Oiz mendiko estazio megalitikoaren ibilbide kulturala eta, larunbatean, berau egiteko txangoa antolatu dute AGIRI Arkeologia Elkarteko adituekin batera. Horrez gain, arkeologiaren eta generoaren inguruko hitzaldia programatu dute ostegun honetarako.

Maiatzaren 8an, ostegunean, arkeologia eta generoa hizpide dituen hitzaldia antolatu du Udalak, Kultur Hamabostaldiaren programaren baitan. EHUko Geografia, Aurrehistoria eta Arkeologia saileko Cristina Camarero Arribas gerturatuko da Mallabira, eta bertako kultura megalitikoko emakumeen ikusgarritasunari buruz arituko da. Hitzaldia Kontzejuzarren izango da, 19:00etan.

Aztarna megalitikoak zuzenean ikusteko irteera

Maiatzaren 10erako, aldiz, Oizko ondarea zuzenean ezagutzeko txangoa antolatu dute Mallabiko eta Berrizko Udalek elkarlanean. Ibilbidea AGIRI Arkeologia Elkarteak gidatuko du, 6,5 kilometro izango ditu eta "egiteko erraza" izango dela argitu dute. Gainera, bidean, Probazelaiburu, Iturzurigana eta Ipiñarrietatik igarotzean, geldialdiak egingo dituzte bertako ondarearen inguruko azalpenak emateko. Bi orduko iraupena estimatu dute eta, amaitzean, mokadutxoa hartzeko aukera egongo da, txangoaren baitan antolatu duten luntxean.

Ibilbidearen irteera ofiziala Undakortako aparkalekutik egingo da, 09:30ean. Baina, behar izanez gero, bertara ailegatzeko autobusa eskaini du Mallabiko Udalak. Hori bai, interesa dutenek gaur bertan (asteartea) deitu beharko dute 943 17 14 61 telefonora edo mezu bat idatzi udala@mallabia.eus helbidera. Autobusa Petriletik irtengo da, 08:30ean. 

Udaletik mallabitar guztiak gonbidatu dituzte batzera, "Oiz mendiko arkeologia-aberastasuna ezagutzeko" eta "paisaiaz eta ondareaz gozatzeko aukera paregabea delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zoketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM:: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK:: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.