Euskaraldia Batzordeak ezagutzera eman du aurtengo hamaikakoa

Ander Gomez 2025ko mai. 14a, 07:11

Bihar egingo da Euskaraldiaren aurkezpen ofiziala Mallabian, baina badakigu jada nortzuk osatuko duten hamaikakoa: bertan jaiotakoak zein urte gutxi atzera etorritako bizilagunak, gazte zein nagusi, euskaldun berri zein euskaldun zahar... anitza da Mallabiko hamaikakoa. Barruan ikusgai bakoitzaren argazkia, aukeratu duten rola eta deskribapentxoa.

Maiatzaren 15ean, ostegun honetan, Euskaraldia hasiko da Euskal Herri osoan. Mallabian, 18:00etan txapak jasotzeko mahaia jarriko dute batzordeko boluntarioek eta, 19:00etan, Euskaraldiaren Hasiera Ekitaldiari ekingo diote. Bertan, hamaikoa ofizialki aurkeztu eta talde argazkia aterako dute herritarrekin.

Bitartean, hementxe hamaikakoa osatuko duten lagunen zerrenda:

Miren Asumendi Alberdi

Euskaraz bizi den ikasle mallabitarra. Gazte Asanbladako kidea. Euskararekin eta euskal kulturarekin harreman estua du eta bere sustapena bultzatzeko, pertsona oro lehen hitza euskaraz ematera bultzatzen duena.

Harkaitz Urreta Prieto

Ingeniaria ogibidez, azken aldian ikerketa zentro baten arlo komertzialeko arduraduna. Bezeroekin harremanetan euskaraz aritzeko gero eta aukera gehiago nabari du. Lantokian, euskara batzordeko koordinatzailea, ikerketa eta garapen proiektuak euskaraz burutzeko baldintzak sortzen. Herri mailan, dantzari eta dantza maisu, euskal kulturaren esparru hau, nola ez, euskaraz jorratzen.

Silvia Garcia Rodriguez

Ermuan jaioa; duela 20 urte etorri zen Mallabira bizitzera. Euskaldun berria da eta Euskaraldian Belarriprest rola aukeratu du. "Berarekin euskaraz egiteko" eskatzen die herritarrei eta berak ahal duen guztietan euskaraz egingo duela agindu du.

Pello Mugarza Martinez

Mallabiko Elgetzu baserrian jaioa. "Kantari txarra, dantzari txarra..." euskararen inguruko kontuetan moldatu da erosoen. Bertsofiloa dela dio eta bere esperantza "Euskaraldiak batuago egingo gaituela" da.

Iratxe Uribelarrea Solozabal

Mallabitarra. Herriko eskolako irakaslea eta herriko hainbat elkarteko kidea: Mendibil abesbatza, Jasokunde abesbatza, Orraittio euskara elkartea zena... Euskaltzalea, euskararekin lotura estua duena.

Carlos Perez Villumbrales

Eibarren jaioa, 37 urte daramatza Mallabian. Horietatik 28 haur eta gazteen kirol sustatzaile eta erreferente nagusienetako bat izaten. Sorreratik Mallabiko F.T.-ko arduradun eta entrenatzailea. Horretaz gain, herriko hainbat ekintzen antolatzailea ere bada: Ostiraleko multikirola, Superigandeak, frontenis txapelketak eta zinea. Euskaraz hitz egin ez arren, euskararekiko jarrera baikorra adierazi du beti.

Itziar Garitagoitia Baskaran

Mallabitarra, baserrian jaiotakoa, bi semeren ama eta orain amama. Beranoko auzo-eskolan erderaz ikasten hasitakoa eta euskara batua gerora, bere kontura, ikasitakoa. Lanbidez irakaslea, lau hamarkadatik gora helduei euskara irakasten. Euskararen inguruko hainbat lanetan kolaboratzaile aritutakoa; Orraittio euskara elkartearen sortzaile eta dinamizatzaile, eta Udalean zinegotzi egondakoa. "Euskaraz egitera jendea gonbidatu egin behar da, gonbidatu eta ekarri".

Asier Azagirre Antxia

Formazioz jurista izan arren, zenbaki kontable eta giza baliabideen kudeaketa lanetan dihardu ogibidez. Bulegoan lehenengo berba euskaraz egiteko konpromisoa aspaldi hartutakoa eta sorpresa ederrekin gainera! Munduko bazter ezberdinak ezagutzea oso gustuko du; baita lagun arteko berriketaldi ederrean ardo batzuk hartzea. Egunerokotasunak dakartzan kargak arintzeko tresnarik hoberena dela deritzo. Euskaraldian ahobizi rolean aritzeko gogotsu dago.

Karmele Gisasola Zenikazelaia

Euskaltzalea. "Zelai III" bezala plazaratzen den herri kirolaria. Harri-jasotze zein aizkoran dihardu azkenaldian. Gazte Alaiak dantza taldean irakasle bezala aritutakoa. Gaur egun familiatik datorkion Zelai landetxearen arduraduna. Horretaz gain, euskara, emakumea eta herri-kirolak ardatz dituen hitzaldiak ematen ditu Nahi dudalako kanpaina barruan.

Iñigo Alvarez Badiola

Orain dela 51 urte Donostian jaio zen. Leku deberdinetan bizi izan den arren, 16 urte daramatza Mallabian. Bere tokia hau dela sentitzen du. Euskara beti izan da garrantzitsua bere bizitzan. Orain, aita dela, are garrantzi gehiago ematen diola dio. Bere nahia bere semea euskaraz haztea da eta bere esku dagoen guztia egingo du bere bidean laguntzeko. Horregatik ari da euskara ikasten.

Miriam Lopez Cid

Ermuan jaioa, duela 9 ure ireki zuen Mallabiko ile-apaindegia eta badira 8 urte herrira bizitzera etorri zela. Mallabian hasi zen euskara praktikatzen eta kontziente da geroz eta erraztasun gehiagorekin eta hobeto egiten duela berba. Euskaraldian zein egunerokotasunean ere, euskara entzuteko prest dago: "Egidazue euskaraz!"


Biharko ekitaldian, hamaikakoa aurkeztu eta argazkia atera ostean, trikitilariek alaitutako dantza-poteoaz gozatu ahalko dute bertaratutako guztiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.