Maiatzaren 17an burutuko da 7 Pago mendi lasterketa eta izena eman duten 350 lagunek datozen bi egunotan jaso ahalko dituzte dortsalak. Zazpi Pago elkarteko kideek eta boluntarioek banatuko dituzte Kontzejuzarran, ostiralean 18:00etatik 20:00etara, eta zapatuan 08:00etatik 09:30era.
Durangaldeko Koparen baitan dagoen lasterketa luzea, 25 kilometrokoa, 09:30ean hasiko da. 16 kilometroko ibilbide laburreko parte-hartzaileek, berriz, 10:00etan ekingo diote martxari. Hala ere, lasterketa hasi baino lehenago plazan izan beharko dute korrikalari guztiek, antolakuntzako kideek derrigorrezko materiala daramatela konproba dezaten: Txanodun zira, manta termikoa eta —eguraldi bereziki txarraren kasuan— mugikorra, uneoro piztuta eta bateria nahikoarekin eraman beharko dena. Lasterketa luzekoak 09:10etik 09:25era gerturatu beharko dira; laburrekoak, 09:35etik 09:55era bitartean.
Argazkia: Xabier Agirre.
Bitartean eta goiz osoan zehar, umeentzako puzgarriak egongo dira parkean, eta talo eta gozo postuak plazan. 13:30ean sari banaketa egingo dute eta, ostean, lasterketa txikia hasi aurretiko bi orduak Zutik elektrotxarangak girotuko ditu. 16:00etan umeen txanda izango da eta korrikaldia egingo dute herrigunean. 16:30etik aurrera, gazta eta garagardoa dastatzeko aukera egongo da frontoian, eta 18:30ean karro-poteoa hasiko dute bertatik, eguna giro ederrean ospatzen amaitzeko.