Asteon zabaldu dute Alkate Txiki izateko izen-emate epea. Umeek banaka zein bikoteka hartu ahalko dute parte eta, "postua" lortuz gero, Andra Marietan aginte-makila jaso eta egun batez Mallabiko alkate izateko aukera izango dute. Gainera jaietako bandoa irakurtzeko eta txupina botatzeko pribilegioa izango dute.
Udaletik azaldu dutenez, ekimen honen helburua da "herriko bizitza komunitarioan haurren parte-hartzea sustatzea" eta, aldi berean, "jaiak gertutik eta leku berezi batetik bizitzeko aukera eskaintzea". Familiei gonbidapena egin diete prozesu honetan parte hartzera "txikienei bidea erraztuz", alkate txiki izatea "ilusioz bizi ohi duten esperientzia delako". Gaztetxoendako mezuan, "herriko tradizioaren parte aktibo izatera" eta "udako ospakizunetako ekitaldi kuttunenetako baten protagonista bihurtzera" gonbidatu dituzte.
Alkate Txiki izateko "hautagaitza" eskolan bertan aurkeztu ahalko dute *Lehen Hezkuntzatik aurrerako umeek, ekainaren 10era bitartean.