7 Pago lasterketaren egun berean (maiatzaren 17an), 7 Pago Txikia lasterketaren lehen edizioa burutu da aurten, umeei eta gaztetxoei zuzendutako lasterketa laburra, alegia. Antolatzaileek kilometro bateko luzera zuen ibilbidea prestatu zuten, eta 16:00etan 43 neska-mutil gerturatu ziren plazara, dortsala soinean, hankei eragiteko gogotsu.
Irteera eman eta gero, parte-hartzaileak errekaraino jaitsi behar ziren eta lasterketa nagusiaren lehen mendi zatitik joan, txondorreraino. Jarraian, erreka zeharkatu behar zuten, eta palazioko bidetik eta herrikoko aldapa igota helmugara heldu. Ez zirudien lan erraza, bidearen egoera ikusita, baina korrikalariak (batzuk bakarka eta beste batzuk lagunduta) pozarren heldu ziren helmugara. Izan ere, Herrikoko aldapan gora, txalo zaparrada itzela jaso zuten eta ezker-eskuin bostekoa ematen egin zuten aurrera.
Lasterketa bukatutakoan, domina bana jaso zuten parte-hartzaile guztiek eta, korrika saioan galdutako indarra berritzeko, merienda ederraz gozatzeko aukera izan zuten plazan bertan.