Elorri zuria loran, lurra berotu da

Estibalitz González 2025ko eka. 4a, 10:59

Bere pinporta gorriengatik neguan ezagun, udaberrian zabaldu eta lora zuri-zuriekin egiten dio diosala eguraldi onari Elorri zuriak, izen zientifikoz Crataegus monogyna. Ugariak izan dira betidanik gure baso eta kamino bazterretan, eta baserritarrek estima handitan dute loratzen denean lurra bere negualditik esnatuta dagoela adierazten dielako. Argazkiak: Valentin Mugarza

Bere propietateengatik erabiltzen da medikuntzan, botika bihurtuta, tentsio altua orekatzeko eta baita antsietatea, lorik eza eta estresari aurre egitera bideratutako tratamenduetan. Bere lorak, infutsioan, odola mehetzeko erabiltzen dituzte askok. Osasun kontuak kontu, baserri giroan, ostera, ortua jada landatzeko prest dagoela iragartzen du. 

Santa Agedako kantu-jiretan, makilekin lurra kolpatuz, lo-zorroan dagoen Ama Lurrari deiadar egiten zaio, esnatu dadin eta epeltzen-epeltzen udaberrirako prestatzen joan dadin. Hilabetetxo batzuk ematen ditu hasperenka eta indarge: alperrik erein zeozer, kostata erneko ditu aziok eta egin ezkero ere aleak txikiak emango ditu oraindik. Baina elorri arbola zuritzen hasten denean, lurrak abisua botatzen du: epelduta ditu barrenak eta ortuan sasoiko landarak sartzeko momentua ailegatu da. Aurten ez dira elorri guztiak sasoi berean loratu, arraro ibili da eguraldia, euri asko egin duenez, zopa-zopa eginda umelegi egon da lurra. Baina azken beroek astindu ederra eman diote; prest eta guri dago landatze kontuetarako. Ia orain aroak laguntzen duen!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.