Berbalagunen partaide moduen ezagutu zaittugu Marijo, eta orain joskintza irakasle sartu zara…
Pasa den urtean Juanmiri komentatu nion Berbalagunen egitasmoaren barruan joskintza klaseak emateko prest nengoela eta taldetxo bat antolatu genuen. Aurten ere ari gara eta oso gustora, niri bizia ematen dit. Guk ama ikusten genuen beti gauero guri soinekoak-eta josten eta guk ere jolasean, paperean josten genuen zuloak eginez. Asko gustatzen zait eta asko betetzen nauen afizio bat da. Gaztetan magisteritza ikasketak utzi nituenean joskintza titulazioa atera nuen, patronajea, diseinua eta abar. Eibarko denda baterako egiten nituen amerikanak baina, noizean behin, administrari egin izan dut lan bestela. Gero Osakidetzan sartu nintzen, eta umeak jaio zirenean utzi egin nion josteari. Juan Luis, nire senarra, entrenatzaile pertsonala da eta berandura arte egiten zuen lan gimnasioan… eta ez neukan astirik josteko.
Orain berriro ekin deutsezu joskintzari, eta euskaraz gainera.
Parkinsonagatik jubilatu nindutenean denbora neukan niretzat eta berriro ekin nion. Oso pozik nago, oso gustura. Berbalaguneko nire jostunei beti eskatzen diet barkamena, nire euskara maila ez delako hain ona, baina saiatzen naiz. Urte asko daramatzat euskara ikasten baina ez daukat erraztasunik… Nik uste dut parkinsonak ere eragin didala hizkuntzak ikasi eta menperatzeko orduan. Entzumena, kantua eta hizkuntzak ez dira nire fuertea; esku lanak, diseinua eta dekorazioa bai, asko gustatzen zaizkit. Detaileak zaintzea ez zait ezer kostatzen eta asko maite dut, oso “ñoñoa” naiz.
Orratza eta harixe esku artien erabiltterako orduen, parkinsonak oztopatzen zaittu?
Arrautzak irabiatzean konturatu nintzen zerbait neukala. Baina orain ez daukat arazorik, zazpi urte hauetan egindako lanari esker, eskuetako trebezia berreskuratu dut. Eta josteko ez daukat arazorik, ondo konpontzen naiz. Gaixotasuna hor dago eta azken lau hilabeteotan oinez ibiltzerakoan igarri dut atzera pausu bat, dantzan ere bai, arin-arinaren bueltak ematerako orduan hankak trabatzen zaizkit. Amorrua ematen dit eta tristura, kaka bat da.
5-10 kilometroko karreretan be jarduten dozu korrika!
Ez zait batere gustatzen!! Baina esaten dizutenean bizitza kalitatea hobetzeko aukera bat dela, norbere esku dagoen guztia egiten du batek. Estatu Batuetako eta Kanadako estudio batzuek diotenez, korrika egiteak Parkinsonaren progresioa atzeratzen du. Zazpi urte daramatzat gaixotasunarekin eta kirola praktikatzea, dantzan egitea, mugitzea eta elikadura egokia izatea oso garrantzitsua dela uste dut. Hartzen dudan medikazio kantitaterako, zazpi urte denbora asko dela esan zidan neurologoak. Juan Luis entrenatzailea izatea neure alde eduki dut eta astean hiru aldiz joaten naiz Ondarrura gimnasiora. Ostegunetan Bilbora joaten naiz, Asparbi elkartera. Han logopedarekin saioak, aktibazio kognitiboa, boxeoa eta abar egiten ditut 13:00ak arte. Gero Bilbon bertan bazkaldu eta dendaz denda ibiltzen naiz. Neure burua behartzen dut kalean ibiltzera. Corte Inglesean arropak, koloreak, oihalak eta abar ikustea, ukitzea, probatzea gustatzen zait. Parkinsonagatik kosta egiten zait arropa probatzea baina behartu egiten naiz. Nire semeei esaten diet gurpildun aulkian nagoenean Zarara eraman nazatela arropak eta oihalak ikustera eta ukitzera.
Korrika, dantza, joskintza… eredu bat zara Marijo!
Ez naiz eredua, nire familiagatik egiten dut aurrera, baina etorkizunak beldur handia ematen dit. Parkinsonagatik oinez ibiltzen ahazteak, jateko arazoak edukitzeak, eta horrelako gauzek beldurra ematen didate, baina horrek ez nau gelditzen. Ondarru eta Mallabiko jendeari oso eskertuta nago ematen didaten maitasun eta laguntza guztiagatik. Eta zer esanik ez etxekoei eta lagunei!