Kantuan, jolasean eta kirola egiten ospatuko dute Mallabiko Gazte Eguna asteburuan

Drogetenitturri 2025ko eka. 12a, 07:24

Martxoan ospatu zen iazko Gazte Eguna eta aurtengoa ekainera pasa dute Mallabiko Gazte Artaldeak eta Gazte Asanbladak. Zapatu honetan izango da eta goizetik ordu txikiak arteko ekintza pila prestatu dituzte, zazpigarren edizioa izango dena behar bezala ospatzeko. Argazkiak: Mallabiko Gazte Asanblada.

Ekainaren 14an ospatuko da Mallabiko VII. Gazte Eguna eta gazteek kirola egiten emango diote hasiera egunari: 11:30etik aurrera palako partidak (semifinalak eta finala) jokatuko dituzte eskolako frontoian. Lehia bukatzean, plazarako bidea hartuko dute guztiek batera, musikaz lagunduta. 15:00etan txupina botako dute, jaiari hasiera ofiziala emanez, eta elizpean elkartuko dira gazte-bazkaria egiteko. Bazkalostetik aurrera, musikak ez du etenik izango: lehenik, bingo musikatuan arituko dira (goiko argazki-galerian iazko irudiak ikusgai); 18:30ean —eta eguraldia lagun bada— bueltatxoa egingo dute karro-poteoan; eta 21:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira plazan.

Orrues taldeak zabalduko du gaueko musika egitaraua. Ondoren, 22:30 aldera, iazko kartelean ere izandako Gorrotoa Gorroto taldearen txanda izango da. Gauerdian, "Herriko hiru gazte musika ipintzen" saioa eskainiko dute plazan, eta, 02:00etatik aurrera, Dj Totozer-ek girotuko ditu festaren azken orduak, Askalde Elkartean.

Antolakuntzatik gogorarazi dute Gazte Eguna ospatzeko "guztion laguntza beharrezkoa dela" eta biharamunean garbiketa lanak egingo dituztela elkartean, "beste behin festa giroa eta parte-hartzea uztartuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.