Ekainaren 13an jokatu zen Malle Euskal Pilota Klubak antolatutako Biharko Izarrak txapelketaren XXI. edizioa, Mallabia I. Pilotalekuan. Enara Gaminde Sertutxa (Laukiz, 2007) eta Goiuri Zabaleta Rodriguez (Leitza, 2009) izan ziren frontoira irtetzen lehenak eta partida hasieratik gailendu zen Gaminde, bi pareten jokoan abil eta pilota non kokatu asmatuz. Zabaletari, aldiz, ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera. Txapelketan zehar lan bikaina egin eta finalean tanto eder bat edo beste lortu arren, ez zen nahikoa izan, eta 22-9 bukatu zuten norgehiagoka, Enara Gaminderen garaipenarekin.
Ondoren, binakako finala jokatu zuten Unai Amiano Goñi (Irun, 2004) eta Julen Sotil Mikeo (Betelu, 2006), urdin; eta Beñat Apezetxea Apezetxea (Goizueta, 2005) eta Unax Landa de Marcos (Oiartzun, 2005), gorri. Iazko finala galdu zuten azken hauek eta, bi hilabeteotan lanak ederto asko egin ostean, txapela lortzeko bigarren aukera lortu zuten. Txapona alde, sakea egin eta lehen tantoa egin zuten Apezetxeak eta Landak. Hortik aurrera, ordea, partida okertu zitzaien eta tanto zaparrada jaso zuten kontran, 1-13 galtzera iritsita. Partidak aurrera egin ahala, tantoak lortzen joan ziren; eta, bukaera aldera, Amiano eta Sotil 19 tantotik pasa ezinda zeudela aprobetxatuta, markagailua are gehiago estutzea lortu zuten gorriek. Hala ere, ez zuten erremontatzerik lortu eta, 22-19 markagailuan, Unai Amianok eta Julen Sotilek jantzi zuten txapela.
Partidak bukatuta, txapelketa martxan zegoela pasa den apirilean zendutako Jose Ibaibarriaga Eguren pilotazalea omendu zuten antolatzaileek. Dorita Apoita alarguna eta Asier Ibaibarriaga semeak jaso zuten lore-sorta eta oroigarria.
Biharko Izarrak txapelketaren XXI. edizioko finalak osorik ikusteko bisitatu Nahieran plataforma.