David Broncanoren 'La Revuelta' telebista programan izan zen IZARO

Ander Gomez 2025ko eka. 18a, 12:10

Barakaldoko Bizkaia Arena (BECa) jendez lepo betetzetik, prime time-an estatu mailako telebistan agertzera pasa da Izaro Andres Zelaieta mallabitarra, eta, orain, Latinoamerika du zain.

Albiste barruan ikusgai La Revueltako saioan eskainitako Xorieri  kantuaren ikuskizuna. Irudiak: Josi Cortés eta RTVE.

Atzo, ekainaren 17an, RTVEko "La Revuelta" programa bisitatu zuen Izaro Andres Zelaieta musikariak. Euskal eszenako hirugarren artista da bertatik pasatzen. Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu eta La Polla Records-eko Evaristo Páramos izan ziren aurretik. Lekunberriarraren eta aguraindarraren elkarrizketak kate pribatuan emititu ziren, programak "La Resistencia" izena zuenean. Izaro Andres izan da lehena estatuko telebista publikoan agertzen, prime time-an eta euskarazko aktuazioa eskaintzen.

Baiuca artista galiziarrarekin batera bertsionatutako Mixel Labéguerie kantautorearen Xorieri mintzo zen  abestia interpretatu zuen, talde polit batez inguratuta: Koruak egiten egon ziren Olatz Salvador, Valeria Castro eta Garazi Esnaola (IZAROren pianista); txalaparta eta adarra jo zituzten Oreka TX taldeko Harkaitz Martinezek eta Mikel Ugartek; dantzan aritu ziren Paula Martinez, Garazi Etxaburu, Jaiotz Osa eta Carlos Ojeda; eta elektronika doinuak Baiucak berak jarri zituen.

Latinoamerikarako hegazkina hartzear

Bizkaia Arenan 6.000 lagunetik gora sartzen bukatu zuen maiatza mallabitarrak eta, ekaina hasieran, kolaborazio-kantuez osatutako EPa argitaratu zuen: Perlak.

Orain, uztaila heltzean, cerodenero agurtzeko azken bira egingo du, non eta Latinoamerikan. Hiru kontzertu eskainiko ditu: Dominikar Errepublikan, Guatemalan eta Mexikon (guztiak hiriburuetan). Mexikarrekin berriz ere izateko "irrikitan" dagoela kontatu du. Erdialdeko Amerika aurrenekoz bisitatuko du eta "lehen aldi eder bi" espero dituela dio mallabitarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.