Giro sargoritsua izan zen atzo Amaraune mendi-lasterketaren laugarren edizioan, baina hala ere Euskal Herriko zein kanpoko 251 korrikalari bildu ziren bertan, lehiarako gogotsu. Bi lasterketa egin ziren: luzea, 21 kilometrokoa, eta laburra, 12 kilometrokoa, eta horietako lehenean parte hartu zuen Irazu Aranburu mendi-korrikalari mallabitarrak, garaipena lortuz. Aranburuk 1:49:00 behar izan zituen ibilbidea burutzeko; bigarren sailkatua, Ibai Cebrián durangarra, 33 segundo geroago heldu zen helmugara. Lasterketa horretan beste mallabitar batek eta sei ermuarrek parte hartu zuten (bost mutil eta neska bat).
Amaraune probako lasterketa luzea Durangaldeko Koparen baitan dago, eta Irazu lider da Kopa horren sailkapen orokorrean, orain arte burutu diren bi lasterketak irabazi eta gero (larunbatekoa eta Mallabiko 7 pago lasterketa).
Bestalde, lasterketa laburrean Mallabiko neska batek eta Ermuko hiru neskek eta hiru mutilek parte hartu zuten.