Zure haurtzaroan pentsatzean, zer datorkizu burura?
Egun guztia kalean ematen nuen, nebarekin eta nebaren lagunekin jolasten, ni nintzelako neska bakarra. Mutilen jolasetan ibiltzen nintzen: harrapaketan, botilekin, udan dragoitxoak hiltzen... taldeko bat gehiago nintzen!
Zer dela-eta etorri zinen Mallabira bizitzera?
2006an Ermuko mutil bat ezagutu nuen Kordobako Ferian, lagun baten bitartez. Garai hartan Bartzelonan bizi zen, baina etxea zeukan Mallabian, eta hona etortzea pentsatu genuen.
Erabaki erraza izan zen Kordoba uztea?
Bai, asko gustatzen zait bidaiatzea eta oso erraz moldatzen naiz. Probatzeko asmoarekin etorri ginen, eta oso gustura nago, asko gustatu zitzaidan herria eta bertako jendea ere.
Egon zen zerbait bereziki arreta eman zizunik?
Bai, buru beltza duten ardiek! Harrituta geratu nintzen! Sekula ikusi barik nengoen!
Oso ezberdina da bizimodua Kordoban eta Mallabian?
Bai eta ez. Oso irekia naiz eta jende guztiarekin hitz egiten dut, beraz, alde horretatik ez zait kostatu nire lekua egitea. Bestalde, Kordoban denbora asko ematen da kalean, tabernetako terrazetan, eta hemen jendea apur bat itxiagoa da.
Zer ikasi zenuen?
Hezkuntza Berezia eta Psikopedagogia ikasi nuen, eta esparru horretan egiten nuen lan Kordoban bizi nintzenean. Hemen ezin dut irakasle lana egin, euskara falta zaidalako, eta beste lan batzuetan jardun izan dut.
Zenbat denbora daramazu euskara ikasten?
Mallabira etorri nintzenean ikasten hasi nintzen, baina utzi nuen. Duela bi urte gogotsu heldu nion berriro, eta euskaltegira noa egunero. B1 ateratzea gustatuko litzaidake, nire esparruan lan egin ahal izateko eta herriko jendearekin hitz egiteko, baina hizkuntza zaila iruditzen zait.
Zer egiten duzu aisialdian?
Jostea gustatzen zait, eta Berbalaguneko joskintza tailerrean parte hartzen dut. Horrez gain, panpinak egiten ditut EVA gomarekin, ibiltzea gustatzen zait, noizbehinka mendira joatea, gauetan irakurtzea...
Zein menditan egon zara?
Urko eta Egoarbitza: Oiz falta zait Hiru Txikiak egiteko! Gorbeia ere ezagutu nahiko nuke.
Irakurketa aipatu duzu... zein liburu duzu egun esku artean?
La paciente silenciosa. Ez dakit zein den egilea, ez dudalako inoiz horretan arreta jartzen. Eleberri beltza daukat gustuko, polizia-nobela, misterioak...
Papera edo liburu elektronikoa?
Papera gustatzen zait, baina bidaietan liburu elektronikoa eramaten dut.
Zenbat herrialdetan egon zara?
Europa ia osoan egon naiz, herrialde nordikoak eta Budapest kenduta, Estatu Batuetan ere bai, Mexikon... Asko gustatuko litzaidake Norvegiara joatea.
Udan, zein da zure plana?
Azken urteotan uda erdia L'Estartiten (Girona) ematen dugu, eta beste erdia Frantziako iparraldean.
Musika gustatzen zaizu?
Bai, denetik entzuten dut, heavya izan ezik. Manuel Carrasco asko gustatzen zait, eta euskarazko musika ere: Ken Zazpi eta Eñaut Elorrieta batez ere, Zetak... Ikusi dudan azken kontzertua Muse taldearena izan da.
Telebistan...
Plataformek eskaintzen dituzten telesailak eta pelikulak ikusten ditut. ETB1eko Mihiluze eta Piztu telebista ere asko gustatzen zaizkit.
Jatun ona zara?
Primerakoa! Patatak errioxar erara eta salmorejoa asko gustatzen zaizkit.
Biziorik daukazu?
Jatea! Gazia eta gozoa: dena daukat gustuko!
Bertute eta akats bana?
Uste dut oso enpatikoa naizela, baina bestalde, batzuetan gehiegi hitz egiten dut.
Lagunekin zaudenean, nahiago duzu entzun edo hitz egin?
Momentuaren arabera, baina, esan bezala, asko gozatzen dut hitz egiten.
Bizitzak zer irakatsi dizu?
Gehiago entzuten.
Badago egunero, kale egin gabe, egiten duzunik?
Gosaldu. Goiz jaikitzen naiz, bakarrik eta lasai gosaltzeko. Bestalde, Kordobako lagun batekin egunero-egunero hitz egiten dut, dei baten bitartez, edo WhatsAppeko audioen bitartez.
Zer eskatzen diozu lagun bati?
Gezurrik ez esatea.
Zerk ateratzen zaitu zure onetik?
Injustiziek orokorrean: munduan gertatzen direnak eta kalean ikusten ditudanak ere.
Eta barrea eragin?
Edozerk, umore oneko pertsona naiz.
Eguneko zure momentua?
Umea lotara joaten denean nire momentua da telebista ikusteko, lasai afaltzeko, bikotekidearekin hitz egin...
Puntuala zara?
Normalean bai.
Ondo moldatzen zara teknologia berriekin?
Ez, oso txarto. Ordengailuan ez naiz batere trebea eta mugikorrarekin ere, justutxo.
Etorkizunera edo iraganera bidaiatuko zenuke?
Iraganera, unibertsitate garaira!
Zure bizitzako egunik zoriontsuena?
Semea jaio zen eguna.
Zerbait egin ez izanaren pena duzu?
Ez, gustura nago egindakoarekin.