Getariarako bidea hartuko dute Udaleku Ibiltarietako gazteek, bihar

Ander Gomez 2025ko uzt. 11a, 07:16

Uztailaren 12tik 18ra bitartean burutuko dira Mallabiko Udaleku Ibiltariak. Aurten, herrian hasi eta zazpi egunez kostarainoko bidea eginda, Getariara iristea izango dute erronka.

12 eta 16 urte bitarteko hamazortzi gazte apuntatu dira Satxibu Aisialdi Taldeak antolatutako Udaleku Ibiltarietara. Izena ematerako orduan mallabitarrek zeukaten lehentasuna eta, gehienak bertakoak izan arren, inguruko herrietako gazteak ere batu dira abenturara: Berrizkoak, Abadiñokoak, Ermukoak...

Bihar hasiko dute ibilbidea Mallabitik eta, zazpi egunez, herri desberdinetatik igaroko dira: Markina-Xemein, Berriatua, Ondarroa, Mutriku, Deba eta Zumaia, datorren ostiralean Getarian amaitzeko. Ibilbidean zehar, furgoneta bat izango dute atzetik, edozein ezbehar geratuz gero, berehalako laguntza izan dezaten.

Udaleku irekiak martxan

Bestalde, 2013 eta 2021 urteen artean jaiotako umeentzako Udaleku Irekiak ekainaren 23tik daude martxan. Goizez batzen dira astegunetan, Mallabian zein inguruetan, ekintza desberdinak egiteko. Atzo, adibidez, jaki gozoak prestatzen aritu ziren sukaldaritza tailerrean; eta gaur, Otxandiorako autobusa hartuko dute, bertako Hontza Extrem abentura parkeko tirolinekin egun paregabea pasatzeko asmoz.


Gaztetxoak Hontza Extremeko egurrezko oreka-zubietan. Argazkia: Barren.eus.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.