2024-2025 ikasturtean euskara ikastaroak egin dituztenentzako beka-deialdia zabalik

Drogetenitturri 2025ko uzt. 23a, 11:39

3.000 euroko dirulaguntza-partida aurreikusi da aurrekontuan, udalerrian erroldatuta dauden eta udal euskaltegietan, euskaltegi pribatuetan edo barnetegi homologatuetan ikasi duten herritarrei zuzenduta.

Mallabiko Udalak, udalerriko euskal hiztunen kopurua handitzeko eta helduen euskalduntzea bultzatzeko helburuarekin, 2024-2025 ikasturterako euskara ikastaroetan parte hartu duten herritarrentzako beka-deialdia jarri du martxan. 

Dirulaguntza hau jaso ahal izango dute Mallabian erroldatuta dauden eta ikastaroetara gutxienez %75eko bertaratzea egiaztatzen dutenek. Ezingo dira onuradun izan Hizkuntza Eskola Ofizialean edo IRALE, IVAP eta antzeko programetan parte hartu dutenek.

Eskaera aurkezteko epea 2025eko urriaren 31n amaituko da, eta ebazpenak gehienez azaroaren 28rako jakinaraziko dira. Epe horretatik kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko. Eskaera egiteko, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da: dirulaguntza eskaera normalizatua (eranskina), NANaren kopia, matrikularen ordainagiria eta euskaltegiaren ziurtagiria bertaratze-ehunekoaren egiaztapenarekin.

Diru-laguntza bertaratzearen arabera

Ezarritako 3000 euroko partida nahikoa den bitartean, honela lagunduko da diruz:

  • %75-79ko bertaratzearekin, matrikularen %75 ordainduko da.
  • %80-89ko bertaratzearekin, matrikularen %90 ordainduko da.
  • %90etik gorako bertaratzearekin, matrikularen %100 ordainduko da.

*%75etik beherako bertaratzea duten ikasleek ez dute dirulaguntza jasotzeko aukerarik izango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.