Andra Mari jaiak martxan eta martxoso

Estibalitz González 2025ko abu. 15a, 12:23

Jaiak noiz ailegatuko deseatzen egoten direnek eman zioten lehen haginkada aurtengo jaiei: umeek. Goiz eguerdi eta arratsalde erdiz eurak izan ziren protagonista parkeko puzgarri, apar-festa eta txokolate-janaren bueltan.

Argazkiak: Pedro Elizondo eta Estibalitz González.

Atzo hasi eta hiru egunez ia etenik gabe iraungo duten festoi hasiera ofiziala udaletxeko balkoitik jaurtitako txupinarekin eman zitzaien. Aurten Mallabiko Futbito taldeko arduraduna den Carlos Perez Villumbralesek ixiotu eta bota du txupina, pozik eta eskertua. 

Hamarru Elektrotxarangaren doinuek eman zioten jarraipena Carlos Perezen berbei. Kalejira alaian plazaraino erakarri zituzten herritarrak, han txokolate bero-beroa zain zutelako, txiki eta nagusien gozamen gozorako.

Gaueko pilota partidetan frontoia lepo egon zen. Orain dela gutxi zendutako eta pilotari izandako Ander Martin Estenagari omenaldia egin zitzaion bi partiden arteko atsedenaldian. Herritarren artean ikusmira handia zegoen, Aitor Elordi mallabitarrak jokatzekoa zelako. Partida ederra izan zen: joko bizia, jokaldi politak, tantoak berdin samarrak… Azkenean 21-22 urdinen alde eta harmailetan txaloak eta poza.

Egunari amaiera ezin hobea emateko Lehian erromeria taldeak kantuan eta dantzan jarri zituen herriko martxosoenak, ordu txikietan kostata erretiratu zirenak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.