Beroa izan zen atzoko protagonista nagusia

Estibalitz González 2025ko abu. 16a, 13:10

“Zelan?” galderari “Bero!” izan zen atzo egunean zeharreko ekitaldietan egondako herritarren erantzun ohikoena. Abanikoek, bentiladoreek eta haize egokituek ez zuten atsedenik hartu; giroa sargoria eta haizea beroa izan zen arren, jai giroan parte hartzeko gogoa nagusitu zen.

Irudiak: Pedro Elizondo, Luken Aranburu era Estibalitz González. 

Errukirik gabeko 35 gradu markatzen zituen frontoiko termometroak, zertxobait gutxiago goizeko dantza-ikuskizunean. Bero galda hartan, izerdituta ikusi genituen dantzariak;  beraien ahalegina estimatu eta gogoz txalotu zuten bertaratutakoek.

Eingo taldeko kideek babes klimatikoaren bila kalez kaleko baino, tabernaz tabernako emanaldia eskaini behar izan zuten.

Arratsaldean, frontoiko herri-kirol erakustaldirako ez zen lagun ona izan han barruko bero zapa, bai ostera ikuslegoaren berotasuna. Eta Kontzejuzarreko tute jokalariek ere lanak izan zituzten sargoriari iskin egiteko. Bertsolarien saioan abanikoen astindu-dantzak etenik izan ez zuen arren, giro ederra egon zen eliza ondoko arbolapean.

Azkenean, gaugiro ederrean eta Izaro Andresen kantu bateko kolaborazioa tarteko, Janus Lesterren kontzertuak bazterrak berotu zituen, bere musika eta kantuez gozatzera gerturatutako guztiak asebetez.

Tute txapelketan hamasei bikote batu ziren. Avelino eta Manolo izan ziren irabazleak, ermuarrak, eta gainontzeko hiru bikote irabazleak mallabitarrak: Maritxu eta Angelines, Juan Mari eta Unai eta Angel eta Manu.

Hamairu izan ziren herri kirolariak eta nesketan Leire Olea izan zen txapelduna, 84 altxaldirekin eta mutiletan Mikel Urra, 93 altxaldi burutuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.