Kuadrillen giro onak eman zien amaiera jaiei

Estibalitz González 2025ko abu. 18a, 08:48

Hiru egunez luzatu diren Andra Mari jaiei akabera emateko, paella eta marmitako janaren ostean kuadrillen arteko jokoen txanda etorri zen. Iluntze aldera gero Luhartz erromeria taldeak jarri zituen dantzan herritarrak eta gaua sartuta beste horrenbeste egitea egokitu zitzaion Maria Blessive DJari.

Gazte Asanbladaren kargu egon zen jokoen antolaketa. Urterokoak izan ziren batzuk, baina modalitate berri “freskoagoak” ere ekarri zituzten. Lehia irabazteko ilusioak animatutako jokalariak ederto baten pasatu zuten, joko-eremu inguruan eta gradetan jarritako ikusleen barre eta txaloak sortaraziz.

Azkenean, kronometroak eman zuen eman beharreko epaia eta joko guztiak denbora gutxien burutu zituztenak izan ziren irabazle, Txiri&Co. izenarekin aurkeztutako taldekoak hain zuzen. Sari modura plazan udaleko ordezkari eta langileek banatuko zuten txerri errearentzako 20 tiketak eskuratuta pozik agertu zen Txiriren konpainia. 

Handik aurrera musikak eta dantzek hartu zuten plazako jai gunea, adin eta gustu desberdinetarako doinuekin. Arratsalde partera Urko aldetik sartutako gandue, itsasotik datorren lainoa, gauerako euri-lanbro fin-finean bihurtu zen, aurreko egunetako bero larria baretuz eta Andra Mari jaiei freskotxoago agur esateko aukera emanez mallabitarrei. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.