Ez da plaza erraza Zarauzkoa: dantzari asko, talde mordoa, begi ugari… baina gogotsu eta ilusio handiarekin bertaratu ziren Mallabiko dantzariak eta haien laguntzaileak. 19 neska-mutikori laguntzen 4 begirale, beste horrenbeste txistulari eta, noski, dantzarien arrimura joandako senide eta lagunak. Goizean hasi eta arratsaldera arte luzatu zen erakustaldia, eta heltzeaz batera Agurra eta Agintariena dantzatu zuten parte-hartzaile guztiek. 10 herritako dantza taldeak ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek: esan bezala Bizkaia ordezkatzen Mallabia, Nafarroaren izenean Leitza eta Gipuzkotik, ostera, hainbat herri gonbidatu zituzten eta han ziren Astigarraga, Gabiria, Getaria, Mutriku, Oñati, Usurbil, Zumarraga eta Zarauzko Jalgi.
Zumarragako taldearekin batera mallabitarrek lau geldialdi egin zituzten herriko txoko desberdinetan, eta Txantxo dantza, Arkudantza, Binangoa, Kontrapas eta Marmutx dantzak eskaini zituzten. Goizari amaiera emateko talde guztiak Munoan egindako alardeak batu zituen: harako prest izan zituzten Txulalai, Txotxongilo, Banangoa, Fandangoa eta, zelan ez, honen segidako Arin-arina. Egunari akabera alaia eman zioten arratsaldeko kalejirarekin, buruhandiez eta txarangaz lagunduta.