Olinpiadak ospatzen ekingo dio denboraldiari AD Mallabia FTk

Ander Gomez 2025ko ira. 12a, 07:25

2024-2025 denboraldiko taldeen argazkia.

Gaur arratsaldean, Mallabiko kirol taldeak ongi etorria emango dio 2025-2026 denboraldiari olinpiaden lehen egunarekin. Irailerako antolatu dituzten ekintzak eta entrenamenduak irekiak izango dira, eta kirol desberdinen talde ofizialak urrian osatuko dira.

Denboraldi hasiera ospatzeko AD Mallabia FTk antolatu dituen olinpiadak bi jardunalditan banatuko dira. Lehenengoa gaur arratsaldean burutuko da, non haurrek eta gazteek arku-tiroan eta golfean aritzeko aukera izango duten. Hitzordua 16:00etan daukate, eskolako frontoian, eta jokatu aurretik indarrak hartzeko askaritxoa izango dute bertan: txokolatea eta palomitak. Datorren ostiralean, irailaren 19an, ordu eta toki berean elkartuko dira. Sandwich-a eta zukua izango dute askari, eta, ostean, olinpiaden bigarren eta azken jardunaldiari ekingo diote. Kasu honetan, igelean eta petankan arituko dira. Olinpiaden bi saiootan dominak eta sari desberdinak banatuko dira.

Lehen entrenamenduak eta taldeen eraketa

Hilabeteko azken ostiralean hasiko dituzte entrenamenduak, irailaren 26an, Mallabiko eskolako frontoian. Futbolean, saskibaloian edota multikirolean aritu nahi duten gaztetxoek 16:10ean izango dute hitzordua. Erraketak hartu eta tenis edo minitenisean jokatu nahi dutenek, berriz, 17:15ean izango dute lehen saioa.

Entrenamendu hauetan talde posibleak zehazten hasiko dira eta urriaren 3tik aurrera eratuko dituzte. Iazko denboraldian saskibaloi, tenis, futbol eta multikirol taldeak osatu ziren. Saskibaloian 8 jokalari aritu ziren, futbolean 6, multikirolean 2 eta tenisean 6. Taldetik Mallabiko haur eta gazte guztiak gonbidatu dituzte iraileko ekintzetara batzera, konpromisorik gabe kirol desberdinak probatzera eta, garrantzitsuena, ondo pasatzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.