Ardi mozten, betidanik egin dozu Zorion?
Ba bai, ez dogu baserrixen sekule ardirik euki baina mutikotatik ibili naz ardi artien. Betzuenen Marino Lejarretan osaba bat bizi zan, Claudio, bertara ezkondute eta gure aittitte zanaz jueten nitzen laguntzera. Hantxe ikesi neban ardi mozten. Claudio lorazaine zan eta Arabako Oletara be jueten nitzen harekin. Han beste artzain batzukin batera ibiltzen ginen mozketa lanetan, ardi zain... Artzain erdeldun bat euen han eta harek esaten eusten “vamos a almorzar, trae la bolsa del río”, eta eskailuz beteta poltsioi! Niretzat itzela zan ha, ardi moztie bera baino haren inguruen sortzen zan girue, kulturie eta laguntasune… Ez da biherra bakarrik, kultura bat da, bizitzeko era bat gauza pilo bat emon izen deustezana; eta nire semiei erakustie nahi deutsiet baserrixe eta bizimodu hau baloratzen.
Zugarramurdin jokatu zan pasa dan abuztuaren 16xen bildots ilemozte txapelketie, eta sarixe etxera…
Semiek eta bixok artazixekin mozteko modalidadien jardun gendun III. SpedShear Zugarramurdi, bildots ilemozte txapelketan. Hamar parte-hartzaileren artien hirugarren egin neban. Baina polittena Aritzek, semiek lortu eban. Hasiera baten urduri ipini zan eta ez ebala parte hartuko be esan eusten, ardixe lotu barik ez dakixela mozten-eta. Baina lotute moztu leixela esan euskuen eta neuk lotu eta animatu zan azkenien. Plazagizona da eta lan politte egin eban. Open kategorixan Thimoleon Resneau frantziarrak lortu eban lehenengo postue eta sarixe jasoteran mikrofonotik esan eban berak txapelketa asko irebazi ditxule, eta pozgarrixe zala 17 urteko mutiko bat lan horretan ikustie, “jarraipena biher dabelako lan honek, nik irebazi dotena berai (Aritzi) emon biher deutset” esan eban… Aritzi emon eutsen bere sarixe eta pentsaukozu zelan euen Aritz, nun sartu ez ekixela, ama negarrez pozik, ni semiaz oso harro... Ardi moztaile mundu honek jarraipena eukittie nahi dabela erakutsi eban Thimoleon Resnauk, hor ikusten da ze eratako pertsonie dan.
Eta hurrengo erronkie bixok irailaren 27xen daukezue, Abadiñoko probalekuen…
Euskal Herriko ardi moztailien lehenengo txapelketie jokatuko da, bai. Orain bi edo hiru urte Euskal Moztailien elkartie sortu eben, Ipar Arrinda lekittarra eta Joseba Attard bedaruarra izen die bultzatzaile nagusixek, eurek be moztailak. Europa mailan Euskal Herriko seilue lortu dabe. Diru asko lortu dabe adiministrazino publiko eta hainbat erakundetatik, eta Abadiñoko Udalak lan haundixe egin dau egun hau antolatzeko. Egun osoko egitaraue izengo da, www.moztaileak.eus atarixen dago informazino guztixe. Euskal Herriko eta mundu mailako txapelketie izengo da eta era bitara jokatuko da txapelketie, artazixekin eta makiniaz. Benetan ikusgarrixe da zelan mozten daben makiniaz be, bizkor eta garbi-garbi.
Egun borobile izengo da orduen...
Bai; Abadiñora Euskal Herrittik, Irlandatik, Eskoziatik, Galestik, Inglaterratik, Españatik, Katalunyatik, Fratziatik, Alemaniatik, Holandatik, Kolonbiatik eta Uruguayttik datoz moztailak, 80 izengo gara eta 1.000 bat ardiri moztuko deutsegue artilie. Artisau azoka eta umientzako tailerrak be egongo dira probaleku kanpuen.
Euskal Herri mailan badago afizinue eta lan hau mantentzeko borondatie, ikusten danez...
Bai, eta hori da bultzatu nahi dana. Jakoba Errekondori irratixen entzun neutsen Instagram eta Facebook eta holakuek bere lanaren dibulgazinorako garrantzitsuek diela, baina ezin garela hor geratu. Nire semiek nerabiek die, adoleszentiek eta euren adineko askok ez dakixe egunero biher dogun janarixe nundik eta zelan sortzen dan, ahazten gabiz. Eta askatasune be galtzen edo urritzen doie, euki leikezan animali kopurue dala eta ez dala, adibidez. Baserriko lanak ikestie, zaintzie, kulturie, baserriko lanen onurie, baserriko produktuek baloratzie… garrantzitsue dala pentsetan dot eta nire semiei hori transmitidu nahi deutsiet. Eta apurkan-apurkan ikusten dot jentie be konturetzen hasi dala baserriko produktuek eta norberak ekoiztu leikezanak ze inportantzi dauken. Ardi mozten gainera ez dau animalixen tratu txarrik eta eskuek leun leun izten ditxu, ikusgarri suabe geratzen jatzuz. Zezenketa kendu egin dabe Karrantzan adibidez, La Virgen del Sucesoko jaixetan, bozketa baten ez egittian alde atara dalako jentie. Asto-probek eta idi-probek eta holako kirolek ez dot uste urte asko daukienik aurretik. Ikusiko da baina mentalidadie aldatzen doie, onerako edo txarrerako aldaketie dator.