Ondarearen Europako Jardunaldiek 25 urte betetzen dituzte aurten eta, ospatzeko, kultur ekintza pila antolatuko dira urrian zehar: bisitak, tailerrak, erakusketak, jarduera artistikoak... Guztiak edizio honetako gaiaren bueltan izango dira: arkitektura-ondarea. Durangaldeko eskaintza Gerediaga Elkarteak koordinatzen du eta zortzi bisita gidatu iragarri ditu urriaren 4tik 26ra bitartean. Jardunaldi horietako bat Mallabian egingo da, eta baserrien arkitekturaren gai potoloa aztertuko da, Zengotita auzoko baserriak bisitatuz.
Jarraian, Gerediagak koordinatutako bisita guztien zerrenda:
- Urriak 4, Berriz. Bola jokoa: Jardunaldi honetan Berrizko Bolatokiaren arkitekturari buruz ikasiko dute bisitariek, modu praktiko batean.
- Urriak 5, Abadiño. Muntsaratz dorretxea: Dorre honen barruan, gaur egunera arte iritsi diren elementu arkitektoniko horien biztanleek eta eraikitzaileek zer pentsatzen zuten ulertu ahal izango da.
- Urriak 11, Garai. Tromoitioko barruti gotortua: Gure arbasoek inguruko gailurretan egiten zituzten eraikinen adibide bat da. Ingurua jagoteko gune bat. Euskal arkitektura tradizionalaren adibide ezin hobea.
- Urriak 12, Mañaria. Harri Lorategia: Bisita, Mañariako harrobietan marmol ustiapenaren jatorria azalduz hasiko da. Gero, Tadanori Yamaguchi artista japoniarrak egindako instalazioa eta bertan dauden bestelako eskulturak ezagutuko dituzte bisitariek. -
- Urriak 18, Iurreta. Hilerriaren arkitektura: Hitzaldi honetan hileta ohiturek eta hileta arkitekturak izan duen bilakaera ezagutuko da, Iurretako hilerriak izan duen bilakaera aztertzearekin batera. -
- Urriak 19, Mallabia. Baserrien arkitekturaren aldaerak: Duela 500 urte baino gehiagotik, baserria izan da gizarte berezi bat garatzea ahalbidetu duen elementu arkitektoniko ezin hobea. Zengotita auzoko baserriak aztertuko dira jardunaldi honetan.
- Urriak 25, Otxandio. Plaza Nagusiaren arkitekturak: Udaletxeko Jauregia, frontoia, pasealekua, bolatokia, eta Vulkanoren Iturria aztertuko dira herriko plaza protagonista izango den bisita honetan.
- Urriak 26, Zaldibar. Ama samur oŕek magalpetu gaizuz: Zaldibarko Miraria Ama Birjinari eskainitako kaperaren eraikuntzak 100 urte bete ditu. Juan de Aranoa euskal margolariak apaindutako eraikina da, urteetan zehar oharkabean pasatu den bitxi artistikoa.
Interesa dutenek ondareabizkaia.eus webgunean eman dezakete izena.