2016. urtean jokatu zen txapelketaren lehen edizioa, Genevan (Suitza); bigarrena Arrasaten egin zuten, SD Eibarren Atxabalpeko instalazio zaharretan; eta 2018an Suitzara bueltatu ziren, Nyon herrira. Urte hauetan, SD Eibarko beteranoek Nazio Batuak FT, UEFA FT eta Stade Nyonnais taldeak izan dituzte aurkari, eta txapelketa guztiak irabaztea lortu dute. Txapelaren merituaz gain, aipatzekoa da sailkapeneko partidetan ez dutela norgehiagoka bat bera ere galdu.
Orain, Euskal Herrira bueltatuko da txapelketa, SD Eibar taldearen instalazio berrietara: Areitioko Kirol Hiria. Azaroaren 29an jokatuko da, 10:00etan hasita, eta Nazio Batuak FT eta SD Eibar taldeen partaidetza ez ezik, Athletic Club eta Real Sociedad senior taldeena ere izango du aurten. Formatu koadrangularrean lehiatuko dira, guztiak elkarren aurka 30 minutuko partidetan, eta, berdinketarik izanez gero, penaltietara joko dute. Kirol Hiriko I. Zelaian erabakiko da txapelketaren garailea eta, ostean, garaikurraren eta dominen banaketa egingo dute.
Fundaziotik azaldu dutenez, "txapelketa hau SD Eibarrek gizarte justuago eta inklusiboago baten eraikuntzarako duen konpromisoaren isla da."