Jubilatuen Etxeak ateak berrirekiko ditu Jaione Garitagoitiaren gidaritzapean: mallabitarrak hartuko du bertako tabernaren, atezaintzaren eta garbiketaren ardura. Udaletik adierazi duten bezala, adinekoek "euren ongizatea eta bizitza aktiboa sustatzeko gunea" izango dute, egunero bisitatu ahalko dutena: astegunetan 10:00etatik 22:00etara zabalduko da (udako hilabeteetan 23:00ak arte); asteburu eta jai bezperetan, berriz, 24:00ak arte luzatuko da, azken ordu horietan terrazaren eta musika tresnen erabilera debekatuta egongo den arren. Ordutegia "erabiltzaileei egokituta" zehaztu dela azaldu dute, baina aldi berean ingurukoen ongizatean pentsatuz, "bizilagunen deskantsuan eragozpenak ekiditeko".
Barnekaldea berrituta
Obra ugari egin dira barruko espazioa egokitzeko: hormak estali, margotu eta apaindu dira; argiak aldatu; eserlekuak tapizatu eta barra nagusiko altzariak konpondu dira. Horrez gain, telefono zenbakia aldatu dela gogorarazi dute: aurrerantzean, 946 03 74 34 linea izango du jubiletxeak.
Urriaren 11n (zapatu honetan) izango da inaugurazioa, 19:00etatik 21:00etara. Herritar danak gonbidatu dituzte bertaratzera eta, gerturatzeko aukerarik izan ezean, gogorarazi dute domekatik aurrera normaltasunez egongo dela zabalik.