"Los Domingos" nagusiki Bilbo aldean grabatu den arren, film guztietan bezala, bestelako lokalizazioak erabili dituzte eszena konkretuak grabatzeko. Honetan, baserri baten beharra zeukaten eta inguruan bilatzen aritu ziren lokalizazio arduradunak. Hiru etxe aurkeztu zizkioten Alauda Ruiz de Azua zuzendariari, eta haretxek Mallabiko Etxetxebarri aukeratu zuen.
Etxetxebarri baserriaren kanpoaldea, gaur egun nekazalturismorako erabilia.
Aste oso baterako egonaldia erreserbatu zuten eta jende pila elkartu zen bertan. Auzotarrek kontatu dutenez, "demaseko mugimendua zegoen hor, 60 lagun inguru elkartzen ziren egunero". Gainera, inguruko baserriak ere erabili behar izan zituzten: "Artixe eta Uzar-Etxebarri, adibidez, tresneria guztia gordetzeko erabili zuten, eta makillaje estudioa ere hortxe muntatu zuten".
Etxetxebarriren barrualdea, grabaketaren aurretik.
Ekoizleek dekorazio guztia goitik behera aldatu omen zuten; auzotarrei kontatu zietenez: "agian filma ikustean ez duzue ezta etxea ezagutu ere egingo". Grabaketa itxia izan denez, ez dakigu zenbat grabatu duten kanpoan eta zenbat barruan, ezta zenbat denboraz agertuko diren Mallabiko inguruak pantaila handian, "bi minutu, ordu laurden... auskalo!". Misterioa urriaren 24an argituko da, "Los Domingos" filmaren estreinuarekin, eta auzotarrak "irrikitan" daude ikusteko.
Sinopsia
Ainarak (Blanca Soroak antzeztuta), 17 urteko gazteak, ikastetxe erlijioso batean ikasten du eta egonaldiak egiten ditu lagunekin klausurako mojen komentu batean. Eskolako koruan ere abesten du, eta han parte hartzen duten neska-mutilekin ateratzen da festara, edozein nerabe bezala. Baina Ainarak gero eta gertuago sentitzen du bere burua Jainkoarengandik, eta, halako batean, etxean esango du klausurako moja bilakatu nahi duela. Albiste horrek ustekabean harrapatuko ditu Iñaki aita (Miguel Garcés) eta Maite izeba (Patricia López Arnaiz). Berriari aurre egiten saiatuko dira hauek: nolabaiteko onarpenean oinarrituko da baten jarrera, eta ilobaren erabakiari arrazonamenduz erantzungo dio besteak.