Astelehenean, Gaba Baltzaren egitaraua ireki zuen Naroa Martinezen "Bizitzaz eta heriotzaz maitasunez" hitzaldiak, haur eta gazteekin heriotzaz nola berba egin ikasteko:
Astean zehar, eskolako ikasleek egindako apaingarriekin jantzi dituzte dendetako erakusleihoak, osasun zentroa eta liburutegia. Antolakuntzatik azaldu dutenez, "oso lan polita" egin dute, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte erakusketa beldurgarri bezain eder hauek bisitatzera:
Liburutegian ere, irakurketa gomendio bereziak eta eskulanak egiteko plantillak jarri dituzte eskuragarri; eta bihar, eguena, "Kalabazak piztu" ipuin-kontaketa egongo da, Lur Usabiagaren eskutik. HHko umeen txanda 17:00etan izango da, eta LHkoena 18:00etan.
Baina egun potoloa barikua izango da, urriaren 31, arratsaldetik iluntzera arteko ekintza pilarekin: 16:30ean, LH1etik gorako gaztetxoentzako ginkana egongo da, Kontzejuzarretik hasita; 17:30ean, kalabazak husteko eta aurpegiak margotzeko tailerra egongo da Kontzejuzarrean (norberaren materiala ekarrita), eta plazan photocall-a irekiko da; 18:30ean, "Iluntasuna piztu!" ekitaldia egingo da, kalabazak piztuz, koplak abestuz eta suaren inguruan dantzatuz; ondoren, kantu erronda egingo da herrigunean eta, bukatzean, txorizodun opila eta salda beroa izango dute zain plazan.
Gaua borobiltzeko, aurtengo berritasun bezala, helduentzako ekintza bat egongo da: "Madarikaostiok!" antzerki laburra, 16 urtetik gorakoentzat. Plazan hasiko da, 20:00etan eta Ruben Markina Makik egingo ditu aktore lanak.
Oharra: Gaba Baltzeko antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria bada, Kontzejuzarrean ez diren ekintza guztiak elizpera pasako dira.